Carod Roviraren eta ETA-ren arteko bilera

Carod-Rovirari ETB2ko 'Teleberri' saioan egindako elkarrizketa

Gerra presoak, Sukarrietatik Bermeorako trenbidean lanean, guardia zibilen begiradapean. TRENBIDEAREN EUSKAL MUSEOA
2004ko urtarrilaren 28a
17:18
Entzun
Eli Zunzunegi kazetariak ETB2ko eguerdiko 'Teleberri' albistegirako Josep Lluis Carod Rovira ERCko buruzagiari Bartzelonan egindako elkarrizketaren transkripzioa da honakoa:

JOSEP LLUIS CAROD-ROVIRA: "EZIN NUEN ETA-RI BAKE MEZU BAT HELARAZTEKO AUKERA GALTZEN UTZI"

Zer iruditzen zaizu Espainiako inteligentzia zerbitzuak zu jarraitzen ibili izana?

Ulertezina iruditzen zait alderdi politiko demokratiko eta baketsu bateko buruzagia jarraitzen ibiltzea; indarkeria beti gaitzetsi duen buruzagi bat, eta Katalunian indarkeria desagertarazteko oinarri ezinbestekoa izan dena, Terra Lliure indargabetu baikenuen. Ez dut ulertzen espioitza zerbitzuak nolaz ibil daitezkeen buruzagi politiko demokratiko bat jarraitzen, eta, aldiz, ETAko kideek parte hartu duten bilera bat atzeman dutenean nolaz ez duten esku-hartu zerbitzu horiek Frantziako Jendarmeriaren bidez ETAko kide horiek atxilotzeko. Zergatik duten nahiago hori ez gertatzea, eta une jakin batean, erabilera politiko bat egiten duten hauteskundeetara begirako helburuekin egokitasun handiz aukeratutako datetan. Guztiz ulertezina iruditzen zait. Akaso, ulertezin bezain ulergarri, kontuan hartzen bada indar politiko batentzat garrantzitsuagoa dela hauteskundeak irabaztea indarkeria amaitaraztea baino.

Esan nahi duzu PPk manipulatu egin duela auzi hau guztia?

Esaten ari naizena da, norbaitek —ez dakit nork, baina nik ez behintzat— errealitate honen erabilera elektoral eta politikoa egin duela. Gainera, hau guztia jakin zen terrorismoaren biktimen batzar bat zegoen egun berean. Esan dezagun, terrorismoaren biktima baten senidea den norbaitek bizi guztian eramango duela berarekin min hori, baina uste dut edozein senidek eskertuko lukeela aurretik gestioak egin balira, hitzeginez, hori baita jendeak elkar-ulertzeko modua; politikoki negoziatuz, gatazka politikoak konpontzen diren modu bakarra baita. Akaso, hori egin izan balitz, alderdiren batek boto gutxiago irabaziko lituzke, baina, ziur aski,bizitza gehiago salbatuko ziren; eta, azken batean, horixe da balio duena, eta niretzako benetan garrantzitsua den bakarra.

Atzo ERCko hainbat jarraitzaileren babesa jaso zenuen, zehazki, Generalitatearen Jauregian, Sant Jaume Plazan. Nola zaude hiru egun gogor horien ondoren? Zerk egin dizu minik handiena?

Hedabideek lintxatu egin naute, baina badakizu zer gertatzen den? Neure buruarekin, neure kontzientziarekin soilik kitatu behar ditudala zorrak. Eta goizetan, ispiluan neure buruari begiratzen diodanean, zoriontsu sentitzen naiz. Ez dut egin dudan ezer ukatzen, ez dut arnegatzen. Eta PPkoei eta dibertsitatearen ariketa txikienaren aurkako Espainia uniforme bat defenditzen dutenei gustatzen ez bazaie ere, nik badakit, eta eurek badakite, oinarri politikoa duten gatazkak, azkenean, bakar-bakarrik bide politikoak erabiliz konpontzen direla. Sant Jaume plazan zeudenak ez ziren ERCkoak soilik, baizik tradizio demokratikoa defenditzen duten alderdi guztietako jendea zegoen. Halaber, milaka lagunek sinatu dute nire aldeko manifestu bat, ehunka elkartasun mezuk nire sakelako telefonoa lehertarazi dute —haietako asko Euskaditik jaso ditut—, alderdi guztietako buruzagiek, PPkoek salbu adierazi didate babesa —PPkoren batek ere deitu dit bere izen pertsonalean—… Hau oso gogorra da, baina kausa onen aldeko borroka ez da inoiz erraza izan.

Egunotan asko aipatu dira ETArekin izan zenuen batzarraren inguruko zirkustantziak, baina, oso gutxi, ordea, elkarrizketa horren edukiak. Zer esan zizun ETAk?

Uste dut alderantziz dela: hau da zer esan genion guk ETAri. Eta ERCren izenean kontatu genien zer egiten ari garen Katalunian herrialde libre eta normal bat nahi dugunok, Europako mapan beste herrialdeek bezain independente edo ez indepente agertu nahi dugunok: Portugal, Danimarka edo beste edozein herrialde bezala agertu nahi dugunok. Nazio katalan librea nahi dugunok zer egiten dugun. Eta egiten duguna da jendearen kontzientzia irabazten saiatu, eta hori hautestontzietan bakarrik irabazten da. Hilotzen gainean lora daitekeen garaipen bat ez da garaipen bat. Jendearen kontzientziak irabaztea interesatzen zait, eta demokrazian horrek esan nahi du hauteskundeetan aurrera egitea. Bide motela da, baina zure aberrkide libreen kontzientzia libreak dituzunean, orduan, ez da beharrezkoa Espainiako Konstituzioaren inongo aldaketarik, hor baitago boterea: herrian, jendean, herritarren kontzientzian.

Mezu horixe h elarazi nahi genion ETAri; hau da, bide baketsutik, demokratikotik, politikotik Katalunian aurrera goazela. eta, dagoeneko, lehen ginenak baino askoz ere gehiago garela uste dugunakbateraezinak direla nazio katalan libre eta demokratiko bat, eta Espainiako Estatuko egungo markoa. Bereziki, PP gobernura heldu zenetik jasaten ari garen Espainiako Estatu honetan, non desberdina den guztia jazartzen den. Lehendabizi euskal terrorismoa jazartzen zen, gero euskal abertzaletasuna, ondoren euskal usaina duen guztia. Orain gauza bera gertzen da Kataluniarekin, Kataluniako Gobernuarekin, ERCrekin… Gainera, aprobetxatzen dute PSOEri estatuan egurra emateko. Norbaitek noizbait esan beharko du ez dela harritzen herri batzuk estatu honetan deseroso sentitzen garelako. Izan ere, nola sentituko gara eroso garen bezalakoak garelako arbuiatzen bagaituzte, elkarrizketa bidezko irtenbide bat bilatzeko saio guztiak jazartzen badituzte?

Gehien mindu nauena hipokresia izan da, ez irainak. Iraintzen duenak ez du esateko ezer, baina bakea lortzeko xedez ETArekin hitzegin izana akusazio gisa lotsagabekeria osoz jaurti didatenek eurek aurretik gauza bera egin dutenean… PPk egin zuen, eta bere garaian gobernu sozialistak egin zuen, eta UCDkoak… Ez al dute ETArekin hitzegin orain erasoka ari zaizkidan komunikabide gehienek? Izugarrizko hipokresia iruditzen zait. Azken batean, zigortzea hitza soilik erabiliz helburu zentzudunenaren bila, hau da, bake eremu baten bila dabilena, eta, batik bat, inon —ez Euskal Herrian, ez Katalunian, ez Espainian— ETAren biktima gehiago izan ez dadin lortu nahi duena. Era berean, bai Euskal Herrian, bai Kataluniak, askatasunez zer etorkizun nahi dugun erabaki ahal izatea. Hori, bide baketsuen bide baketsuen eta hautestontzien bidez baino egin.

Ziur aski nire akatsa izan da bilera hartan parte hartzea dagoeneko Kataluniako Gobernuko kontseilari buru nintzela. Baina ezin nuen ETAri bake mezu bat helarazteko aukera galdu; konbentzimendu sakonenetatik abiatutako mezua. Egia esango dizut: nahiago dut hauteskunde batzuk galdu eta gobernutik atera, baldin eta nik egindakoak giza bizitza bat gehiago galduko ez den egoera batera heltzen lagunduko badu.

Kataluniako Gobernuak ohikotik kanpoko batzarra egin du gaur, eta Maragall presidenteak orain arte zureak ziren eskumenetako batzuk bere gain hartu ditu, eta, beste batzuk, Gobernuan segitzen duten ERCko kontseilarien artean banatu dituzte. Argi dago zuretzako honek guztiak kostu bat izan duela, ERCrentzat ere bai… Garestiegia izan da ordaina?

Garesti ordaindu dut nire ahalegina, baina nik segitzen ez badut beste batzuk jarraituko dute. Norbaitekhitzegin beharko du ETArekin indarkeriaren erabilerari irtenbide zentzundun bat emateko. Indarkeriak ez du inoiz ezer konpontzen. Nik garesti ordaindu dut, baina nik ez diet uko egiten nire konbentzimenduei eta nire planteamenduei. Arazo politikak bide politikoak erabiliz soilik konpontzen dira. Bi adibide:ETAren hainbeste urtetako jardun armatuak ez du Euskadiren independentzia erdietsi, eta Poliziaren jardunak ez du lortu ETArekin amaitzea. Beraz, hildako bideak dira biak; ez dituzte arazoak konpontzen, luzatu egiten dituzte. Uste dut, hitzegiteko garaia dela, argi hitzegiteko garaia, irmo hitzegitekoa, eta jende guztiarentzat bake eremu bat lortzeko garaia. Gera dadila indarkeria, gera daitezela indarkeria guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.