CETA: Eskala txikiko TTIP

Ivan Santamaria.
2016ko urriaren 18a
14:21
Entzun

Bi urte pasa dira Europako Batasuneko eta Kanadako negoziatzaileek CETA ituna hitzartu zutenetik. Fase erabakigarria orain hasi da, ituna berretsiko den edo ez jokatzen ari delako.

Zer da CETA?

Europako Batasuna eta Kanada negoziatzen aritu diren itun bat da, bien arteko merkataritza liberalizatzeko helburuarekin. Ekonomia eta Merkataritza Akordio Orokorra laburtzen dute CETA siglek, ingelesez.

Zeintzuk dira itunaren ezaugarri nagusiak?

Europako Batasunak ekonomia handi batekin —munduko hamargarrena da Kanada— egin nahi duen lehen merkataritza akordioa da. Handinahitsuena ere bada. Orain arte merkataritza liberalizatzeko itunen asmo nagusia aduanak eta tarifak jaistea izan da, baina oraingo honek helburu zabalagoak ditu. Zerbitzu publikoetarako sarbidea ireki nahi die bi aldeetako enpresei, araudiak eta betebeharrak koordinatzeko eta elkarri aitortzeko bitartekoak jarriko dira, eta inbertitzaileei bermeak handitu nahi zaizkie. Akordioaren testuak 1.600 orrialde ditu, hamahiru ataletan eta eranskin ugaritan banatuta.

Noiz negoziatu da?

2007. urtean hasi ziren Kanada eta Europa itun komertzial bati buruz hitz egiten. Ofizialki, elkarrizketak 2009. urteko udan hasi ziren, eta bost urte geroago akordioa prest zegoela jakinarazi zuten negoziatzaileek.

Ituna eginda badago, noiz sartuko da indarrean?

Europako Batzordeak pasa den ekainean abiatu zuen akordioaren negoziazioak ixteko eta ituna sinatzeko prozedura. Tramite luze samarra da. Europar Kontseiluaren aho bateko babesa behar du, lehenik eta behin. Hots, batasuna osatzen duten herrialde guztien oniritzia. Ondoren, Europako Parlamentuak bozkatu behar du. Bi horiek lortuz gero, ituna heldu den urriaren 27an sinatzea aurreikusita dago, Kanadako Gobernuarekin egingo den goi bilera batean.

Herrialdeetako ganberek onartu behar dute CETA?

Bai. Akordio misto bezala tramitatzen ari da. Hots, EBko nahiz herrialdeetako eskumenei eragiten dienez, bien oniritzia lortu behar du. Guztira, 38 parlamenturen baimena behar du akordioak, herrialde batzuetan eskualdeetako ganbera batzuen babesa ere nahitaezkoa delako. Hori bai, Europako erakundeen babesa lortuta posible litzateke ituna behin behinean martxan jartzea —EBren eskumen diren ataletan—, eta ondoren aurrera segitzea berresteko prozesuarekin.

Zergatik interesatzen  zaio EB-ri akordioa?

Kanadan dagoen atzerriko bigarren inbertitzaile handiena da Europako Batasuna, 225.000 milioi eurorekin. Bruselak ez du ukatu oso erakargarriak zaizkiola Ipar Amerikako herrialdeak dituen energia eta lehengai aberatsak, eta baita horiek ustiatzeko «ezagutza». Interes horrek erne jarri ditu kritikoak, fracking bidez gasa ustiatzeko teknikari kontinente zaharreko ateak zabaltzeko arriskua sumatzen dutelako.

Zeintzuk izango dira ondorio ekonomikoak?

Ohi bezala, ikuspuntu kontrajarriak daude puntu honetan. Bruselak aipatu du urteko produkzioa 12.000 milioi eurotan handituko lukeela CETAk. Hots, orain EBk duen barne produktu gordinaren %0,08. Hori bai, bien arteko merkataritza trukeak —gaur egun 90.000 milioi, ondasunak eta zerbitzuak aintzat hartuta—, laurden bat handitzea espero du. Esportatzen diren mila milioiko 14.000 lanpostu sostengatzen direla azpimarratu du batzordeak. Bruselak ziurtatu du produktuei jarritako muga-zergen %99 desagertuko dela akordioa sinatuz gero, eta horrek 500 milioi euroren aurrezki zuzena emango diela esportatzaileei.

Kontrakoa diote kritikoek. Pierre Kohler eta Servas Storm ekonomilariek Nazio Batuen metodologia erabiliz egindako azterketa aipatzen dute sarri. Horren arabera CETAk ez du barne produktu gordin orokorrean eraginik izango, eta, gertatzekotan, galera txiki bat eragingo luke. Hori bai, ohartarazi dute 230.000 lanposturen galera iragarri dute —horietatik 200.000 Europan—, eta errenta nazionalak %0,5 jaitsiko liratekeela.

TTIPekin zer nolako harremana du CETAk?

Europako Batzordeak «mugarritzat» jo du CETA, belaunaldi berri bateko merkataritza itunen lehen ale gisa. Ildo horretan, onartu du CETAren edukia «inspirazio iturri» izaten ari dela TTIPen negoziazioetarako. Hori bai, ziurtatu du bi negoziazio independente direla, eta CETA adostu izanak ez duela zertan esan nahi TTIP halabeharrez hitzartuko duten.

Zeintzuk dira TTIPen eta CETAren arteko aldeak?

Batez ere, eskala. Kanada ekonomia garrantzitsu bat da, baina batasuneko kanpo merkataritzaren %1,8 baino ez da. Bien arteko truke komertzialak ez dira 100.000 milioi eurora iristen, eta AEBekin bilioi bat gainditzen dute. Populazioan ere hamar aldiz handiagoak dira AEBak. Sektore eta negozio askoz gehiagotan dituzte interesak eta konpainia lehiakorrak, halaber. Badago beste ezberdintasun funtsezko bat. AEBekin negoziatzen ari diren edukien %80k zerikusia du arauen eta prozeduren harmonizazioarekin. CETAn oraindik ere parte nagusia dagokio produktuen salerosketari.

Zer kritikatzen zaio akordioari?

Kritikoen ustez, ingurumen eta osasun babesak zalantzan jar ditzake itunak. Horrekin batera, zerbitzu publikoekin geroarekin kezkatuta daude. Itunak ez ditu pribatizazioak behartzen, baina egindako liberalizazioetan atzera egitea ezinezko bihurtzen du, ratchet klausulen bidez. Inbertitzaileen eskubidei dagokienez, Europako gobernuen aurka jotzeko «atzeko atea» izan daitekeela susmatzen dute, AEBetako konpainien filial asko daudelako Kanadan. Inbertitzaileen eta estatuen arteko ezadostasunak konpontzeko ardura duen auzitegi pribatuen sistemak ere polemika handiak piztu ditu.

Zer esan diete EBk eta Kanadak kritikoei?

Akordio «aurrerakoia» dela, eta ez duela arriskuan jarriko egungo lan, ingurumen edo osasun babes mailak. Edonola ere, akordioari dokumentu lotesle bat gehitzeko asmoa agertu dute, puntu batzuei buruzko interpretazioa finkatzeko. Agiri horren bertsio bat argitaratu zen duela pare bat aste, baina edukiak ez du balio izan kritikoen kezkak baretzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.