Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak eta Banco Popular banketxeak izendatuko dituzte Fagor Etxetresnetako konkurtso administratzaileak, Donostiako 1. Merkataritza Auzitegiak kooperatiba hartzekodunen konkurtsoan izendatu eta gero.
Fagorrek Irlandan duen filiala ere sartu du prozedura horretan. Horrez gainera, beste auto batean, Polonian duen Mastercook filiala konkurtsora bideratu du, eta prozesua tramitatzeko erantzukizuna bere gain hartu du, Mondragon taldeak nahi bezala, prozesuak Irlandan eta Polonian bideratzea "kaltegarria" litzatekeelako.
Fagorren tamainagatik "garrantzi berezia" emango dio prozedurari Jose Malagon epaileak.
Mondragonekin "konfiantza"
Edesako langileek baztertu egin dute mobilizazio gehiago prestatzeko aukera, Mondragon Korporazioarekiko "konfiantza keinu" gisa. Ostegunean egin zuten manifestazioa Basaurin, bertan dagoen plantako lanpostuak mantentzearen alde. Hala ere, jakinarazi dute itxialdian jarraituko dutela.Edozein modutan, hilaren 4tik Basauriko (Bizkaia) lantegian egiten ari diren itxialdiarekin aurrera jarraituko dutela ere jakinarazi dute. Era berean, Basaurirekin harremana izango luketen edozein ekintzetan parte hartzeko jarrera azaldu dute.
Edesako langileek Gizarte Segurantzan kotizatzen dute, beraz, langabezia saria jasotzen dute. Fagorreko gainerako langileek Lagun Arorekin aseguru pribatu bat daukate, eta bertatik jasoko dute langabezia saria. Hori dela eta, Edesako langileak beldur dira Mondragonek ez ote dituen Fagorreko kooperatibistak eurek baino lehenago birkolokatuko.