Urtarrilaren 3an izango dira Realeko hauteskundeak, gaurko zuzendaritzako kideak ez dira aurkeztuko, eta Chris Coleman lehen taldeko entrenatzaileak ere ez du segituko klubean. Hala esan du berak behintzat aste honetan, ez lukeela Realean jarraituko gaurkoa ez den beste zuzendaritza batekin. "Lehendakaria eta kontseilariak joaten badira, ni ere bai. Haiek ekarri ninduten eta zorretan nago. Ez nintzateke gauza izango segitzeko. Ez naiz horrelakoa", idatzi du aste honetan Daily Mail egunkarian.
Reala denboraldi honetan Ligako hamabi partidatan zuzendu du: lau irabazi, lau berdindu, lau galdu. Hamasei puntu dituzte, eta sailkapenean hamahirugarren daude. Espainiako Kopan lehen kanporaketan galdu egin zuen.
Coleman galestarra da (Swansean jaioa da) eta 37 urte ditu. Denboraldi honetan fitxatu du Realak hura. Aurreko lau urtean Fulham Ingalaterrako Lehen Mailako taldea zuzentzen aritu zen, 2003ko apiriletik joan den apirilera. Ligako 176 partidatan zuzendu zuen: 61 irabazi zituen, 71 berdindu eta 44 galdu.
Lehenago Swansea City, Crystal Palace, Blackburn Rovers eta Fulham taldeetan jokatu zuen, baita Galesko selekzioan ere, John Toshack Realeko entrenatzaile ohiaren aginduetara.
Colemanek iragarria du ez duela beste zuzendaritza batekin segituko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu