Confebask EAEko enpresarioen elkarteak adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek fiskalitatean egindako aldaketak "motz" geratzen direla. "Garrantzitsuena, enpleguaren sorrera ahalbidetzeko politika fiskala egitea da", esan du Miguel Angel Lujua Confebask-eko presidenteak gaur.
Lehengo astean Arabak eta Bizkaiak fiskalitatean hainbat neurri ezartzeko akordioa lortu zuten. Besteak beste, ondare zerga berriro jarriko dute indarrean, baina erreforma ez da Gipuzkoak proposatu duena bezain sakona. Gipuzkoari dagokionez, 600.000 eurotik beherako ondareak salbuetsita daude, eta ohiko etxebizitzarengatik beste 300.000 euro gehitu dakioke. Bizkaiak eta Arabak, berriz, salbuetsitako ondarea 800.000 eurora igo dute, eta ohiko bizilekuari dagokiona, 400.000 eurora.