Alberto Contador Frantziako Tourreko lider berriak bart aitortu du agian huts egin zuela atzo Andy Schleck-ek matxura izan zuenean aurrera jotzeagatik. Azkeneko mendatean eduki zuen matxura atzo arteko lider Schleck-ek, eta Contadorrek helmugan 39 segundo kendu zizkion. "Baliteke nik huts egin izana. Sentitzen dut", esan du hoteleko gelan grabatutako bideoan.
Damututa agertu da, ondorioz. "Une horretan pentsatzen duzun gauza bakarra da ahalik eta azkarrean joan behar duzula, baina ez nago pozik, joko garbia izatea oso garrantzitsua baita. Honelako gauzak ez zaizkit gustatzen, ez dira nire estilokoak, eta espero dut Andyk eta biok orain arte izandako harreman onarekin jarraituko dugula".
Beste kasu batzuetan garbi jokatu izan duela gogoratu du Contadorrek. "Spako etapan, adibidez, Andy eta Frank Schleck atzean geratu zirenean erorikoengatik, tropela geratu egin nuen haiek itzuli arte". Andy Schleck-ek harbideko etapan berekin halakorik ez zuela egin dio Tourreko liderrak.
Contador, damututa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu