Lau trenetan hamar lehergailu. 2004ko martxoaren 11n egin zituzten atentatuak, Madrilen, eta leherketak jarraian izan ziren: 07:39an lehena eta 07:42an azkena. Atochako, El Pozo del Tio Raimundoko eta Santa Eugeniako geltokietan trenak jendez gainezka zeuden ordu hartan.
191 hildako. Atentatuek 191 hildako eragin zituzten.
Ia bi mila zauritu. 1.856 pertsona zauritu zituzten. Horietarik 111k oraindik zauriak sendatzeko osasun laguntza behar dute, eta 68k psikologikoa. 29 urteko emakume bat ospitalean dago, ezin itzulizko egoeran; ospitalean dagoen bakarra da.
M-14an hauteskundeak. Espainiako hauteskundeak egin ziren atentatuak izan eta hiru egunera. PSOEk irabazi zituen (164 diputatu). PPk 148 lortu zituen. PPk eduki zuen agintea aurreko zortzi urteetan –azkeneko legealdian gehiengo osoarekin-, Jose Maria Aznar buru zela. Aznar ez zen aurkeztu 2004ko bozetan. 2004ko azaroaren 29an, Pilar Manjon Terrorismoren Biktimen M-11 Elkarteko presidenteak esana Espainiako Kongresuan: “Gure ordezkariak zarete; izan ere, ama batek inoiz izan dezakeen saminik handienarekin, gure seme-alabak galdu ondoren, boza ematera joan ginen martxoaren 14an”.
Beste hildakoak. 2004ko apirilaren 3an Leganesen (Madril, Espainia) bere buruaz beste egin zuten zazpi lagunek, Espainiako Poliziak inguratuta zeuzkala, eta polizia bat ere hil zen leherketaren ondorioz.
Lehergailu mota. Martxoaren 11n erabilitako bonbak Goma2 ECOrekin egin zituzten, ez Titadynerekin, epaiketan zehar-eta batzuek esan duten bezala.
28 akusatu. Hasieran 29 akusatu ziren, baina Brahim Moussaten errugabetu egin zuten epaiketa hasitakoan, Espainiako Fiskaltzak haren kontrako salaketak erretiratu ostean.
Lau hilabeteko pasako epaiketa. 2007ko otsailaren 15ean hasi zen epaiketa, Madrilen, eta uztailaren 2an bukatu.
Lekuko ugari. 650 lekukoren adierazpenak entzun ziren epaiketan.
ETAko kideen deklarazioa. ETA atentatuen atzean zegoen edo ez argitzeko asmoz, Unai Parot, Gorka Vidal eta Izkur Badillo etakideak lekuko gisara deklaratzera deitu zituen Javier Gomez Bermudez epaileen buruak. Epaiak dio ETAk ez zuela zerikusirik izan eraso haiekin.
Herritartasun eskaerak. Atentatuetako 200 bat biktimak espainiar herritartasuna jaso dute. Beste 457 biktimak eta 469 senidek Espainian gelditzeko baimena jaso dute.
600 orrialdeko epaia. Epaiak 600 orrialde ditu. 170 eta 200 artean aurrekariak azaltzeko dira, 70-80 frogatuta dauden gertakizunak zehazteko eta beste 200 oinarri juridikoak biltzeko. Azkeneko 200 orrialdeak biktima guztiak aipatzeko izan dira.
Zigorrak. Akusatuentzat 25 urteko kartzela zigorra eman dute hilketa bakoitzeko, eta zauritu bakoitzeko 15.
Datu batzuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu