De Juanarekin gertatzen ari dena onartezina dela iritzi diote Laespadak eta Aristegik

2007ko otsailaren 6a
14:20
Entzun
Espainiako Kode Penalari atxikita preso donostiarrak kalean behar duela azpimarratu du Gesto por la Paz-eko buruzagiak. Zapateroren Gobernuak oraindik baduela egoera zuzentzeko astia iritzi dio Milakabilakako eledunak.

Gaurkoa gose grebako 93. eguna duen Iñaki de Juana presoaren egoerari buruz mintzatu dira Euskadi Irratian Fabian Laespada Gesto por la Paz-eko buruzagia eta Maite Aristegi Milakabilaka ekimenaren bultzatzailea. Batek zein besteak gertatzen ari dena "onartezina" dela adierazi dute.

"Argi dago ez duela ez bururik ez hankarik, eta gizon honek kalean egon beharko lukeela, nahiz eta mingarria gertatu ez duelako egindakoagatik inolako damurik adierazi", esan du Laespadak. "Kode Penalari heltzen badiogu horixen agintzen du, libre beharko lukeela. Gesto por la Paz-en beti esan dugu legea aplikatu behar dela; legearen babesle izan gara. Beraz, De Juanak kalean beharko lukeela uste dugu". Gainera, auzi honetan argudio humanitarioak saihestearen alde agertu da: "Auzitegi Gorenak legea aplikatu beharko luke, eta ez arrazoi humanitarioak eta halakoak. Legea aplikatu behar da, eta puntu".

Hainbat komunikabidek plazaratu dituzten De Juanaren argazkiak ikusita, etsipena sortzen dela agertu du Aristegik, baina egoera zuzentzeko oraindik astia badagoela erantsi du. "De Juanaren egoera oso latza da, eta etsipena sortu du. Baina garaiz gaude, eta garaiz dago Estatua, eta benetan ahalegina egin behar da hori behingoz gainditzeko". Herritarren partaidetza esaktu du: "Herritarrok hor egon behar dugu, halakoak sahiesteko, benetan justizia egin dadin eta etxera libre joan dadin eskatzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.