Argentina ez da zorra pagatzeari gehiagotan utzi dion munduko herrialdea, baina ez dago zordun berankor handienaren postutik urrun zorraren kopuruari erreparatuz gero. 1915 eta 1930ean kasu bi gertatu arren, maila federalean ez zirenez, ez dira zerrendan zenbatzen. Historiarako lau aldiz erori da Argentina harri berean.
Ingalaterrako Bankuarena (1827). Zorra pagatzeari utzi zion estreinako aldia XIX. mendearen lehen zatian iritsi zen. Nazioarteko merkatuetan jarduera bizi izan zuen Argentinak orduan, baina maileguen hedatzea Ingalaterrako Bankuak iturria itxi zuenean bukatu zen, 1825ean. Tasak igota, erreserbei eutsi nahi izan zien Londresek, eta horrek arazoak eragin zituen burtsetan eta bankuetan. Atzeraldiak krisi latzagoa ekarri zuen Latinamerikan, eta Argentinak zorra pagatzeari utzi zion.
1890eko izulaborria. Baring Brothers Ingalaterrako bankua porrot egiteko zorian egon zen XIX. mendearen bukaeran, mailegu gehiegi eman ziolako Argentinari. Miguel Juarez Celman presidenteak (1886-1890) sustatutako politika liberalak espekulazio finantziero handia sortu zuen Argentinan, eta egoera horrek eragindako burbuxa Banco Constructor de La Plataren porrotarekin lehertu zen. Horrek, era berean, beste krisi gogor bat ekarri zuen herrialdera eta Argentinak zorra pagatzeari utzi zion.
Zorraren krisia (1982). XX. mendeko zorraren krisi garrantzitsuenetako gertatu zen 1982an nazioarte mailan. 1976ean militarrek boterea hartu zutenetik Argentinaren zorra izugarri handitzen ari zen. 1983ko urrian 27 herrialdek 178.629 milioi euro zor zituzten, eta euren maileguak berregituratzeko prozesuan zeuden. Horietatik 16 Latinamerikakoak ziren. Zor guztiaren %75 kasik lau herrialderena zen: Mexiko, Brasil, Venezuela eta Argentina. Urte horretan ere Argentinak zorra pagatzeari utzi zion.
Corralitoa (2001). Historian izandako default handiena egin zuen Argentinak 2001eko abenduan. 76.235 milioi euroko zorra pagatzeari utzi zion Fernando de La Ruaren gobernuak. Krisiko ekonomikoa, politkoa eta soziala zabaldu zen Argentinan. Egoerari eman zitzaion soluziobide formulak ekarri du orain Cristina Fernández de Kirchnerren gobernuaren larritasuna.