Defizita %3,3ra jaitsi nahi du Frantziak datorren urtean

2015eko irailaren 30a
18:26
Entzun

Hainbat urtez defizit publikoa dela medio Europako Batzordearekin katuaren eta arratoiaren jokoan aritu ondoren, orain zintzo-zintzo jokatzea erabaki du Frantziako Gobernuak. Datorren urtean defizit publikoa %3,3ra jaitsiko duela agindu du eta horretarako 16.000 milioi euroren gastu murrizketak egingo ditu, hasiera batean uste zuena baino 1.500 milioi gehiago.

2016rako aurrekontu proiektua aurkeztu zuen atzo Michel Sapin Finantza ministroak, berritasun handirik gabeko kontuak bere iritziz: «Aurrekontu proiektu honen ustekabea da ez dagoela ustekaberik. Iragarri genuen guztia indarrean jarriko dugu». Lehen promesa EBri egindakoa da, behingoz defizit publikoa BPGaren %3tik behera jaitsiko duela hain zuzen ere. Hiru luzapenen ondoren, 2017. urtearen amaiera da epe muga berria. Iaz %4,0ean utzi ondoren, aurten %3,8ra jaitsiko dela kalkulatu du; 2016an beste koska bat jaitsi nahi du (%3,3), 2017an %3ko zenbaki magikoa lortzeko (%2,7). Kopuru  osoetan, 73.100 milioi euroren desoreka espero du datorren urterako: 374.800 milioiren gastuak eta 301.700 milioiren sarrerak.

Jaitsiera horren zati handi bat faktore naturalen bidez egin nahi du Parisek, barne produktu gordina handitu ahala, automatikoki jaisten bada harekiko defizita. Bercyk uste du aurten %1 hazi daitekeela barne produktu gordina, eta %1,5 datorren urtean. Aurtengo kopurua sinesgarria iruditu zaio Finantza Publikoen Goi Kontseiluari, baina ez dago hain ziur 2016koari buruz, Txinaren emoteltzeak esportazioak gutxituko dituelakoan.

Defizita jaisteko beste bidea gastuen murrizketa da: hiru urtean Estatuaren gastuak 50.000 milioi jaitsiko dituela agindu zuen Parisek, eta horretan ari da: aurtengo 18.600 milioiren ondoren, 2016an aizkorakada 16.000 milioi eurorena izango da —7.400 milioi Gizarte Segurantzan, 5.100 ministerioen gastuetan eta 3.500 milioi eskualde eta departamenduen gastuetan—. Murrizketen hirugarren urtea 2017a izango da, 15.400 milioirekin.

Zerga jaitsierak

Hezkuntza, enplegua, segurtasuna eta kultura «lehentasunezko arlo» izendatu ditu Manuel Valls lehen ministroak, eta gainontzekoetan aterako ditu guraizeak. Etxebizitza laguntzak (APL) jaitsiko ditu Parisek, eta diru gutxiago jarriko du ingurumena babesteko edo garapena laguntzeko. 

Gastuaren murrizketaren zati handi bat Erantzukizun Ituna ekartzen ari den zerga jaitsiera konpentsatzeko da: 42.000 milioi enpresentzat beren lehiakortasuna handitzeko —9.000 milioi 2016an— , eta beste  5.000 milioi herritarrei —2.000 milioi datorren urtean—. Zerga jaitsiera zortzi milioi laguneri eragingo die 2016an, klase apalenetakoei ez ezik, baita klase ertainekoei ere.

Defizita txikiagoa izango da, baina jarraitzen du defizita izaten, eta horren ondorioz Frantziaren zor publikoak igotzen jarraituko du, BPGaren %96,5era iritsi arte (+0,2). Zor horri aurre egiteak  aurrekontuetako 44.500 milioi euro xurgatuko ditu. Igoera txikia da aurtengoarekiko (200 milioi gehiago), interes tasa oso apalei esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.