'Desadostasunak bizi gaituelako nauzue zuekin', Baztarrikaren artikulua

2008ko otsailaren 27a
17:53
Entzun
Desadostasunak bizi gaituelako nauzue zuekin

Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea

Duela bost urteko otsailaren 20 beltz hartatik, behin baino gehiagotan jaso dugu euskaltzaleok elkartasunerako deia. Behin eta berriz erantzun diot deiari, eta berriz ere erantzun diot aurtengo hilabete eta egun berean, astebete lehenago Bilboko hitzorduan erantzun nion bezalaxe: garbi eta ozen adierazteko zuekin nagoela. Garbi eta ozen adierazteko, auzipeturik zaudeten hamabi pertsonoi eta Euskaldunon Egunkaria itxi izanak kalteturiko langileei, ez diodala injustiziari inolako babesik emango, ez neure isiltasunez ezta hitz erdizka mintzatuta ere.

Eta horrexek nakar, hain zuzen, gaur plazara: gaur ere ez dut hitz erdizka aritzeko asmorik zuenganako elkartasuna adierazterakoan, zintzotasunetik begiratuta soilik hartzen baitu elkartasunak benetako baliorik. Eta, zintzo hitz eginda, zera adierazi behar dizuet gaur: urruti sentitzen naiz zuen defentsan hainbatetan erabiltzen diren argudioetatik. Ezinago urruti sentitzen naiz, adibidez, euskalgintza osoaren ordezkaritza euskalgintza horren zati bati zuzen edo zeharka eman nahi zaionean, erdi ahantzita mundu bat ez baizik mundu ugari dituela zorionez bereak euskarak. Urruti sentitzen naiz Euskaldunon Egunkaria-ren auziarentzat testuinguru politiko lerratua bilatzen eta nagusiarazten dutenengandik, ezin baitut onetsi ezker abertzale ofizialaren tesietan txertatu nahi izatea bestelako interpretazio eta arrazoibideak onartzen dituen afera.

Urruti sentitzen naiz, bai, horrelakoetan. Baina bereziki urruti sentitzen naiz, guztiz urruti alegia, euskara eta euskalgintza ondare propiotzat erabili eta lohitzeko joera nabarmena duen ETArekiko jarrera akritikoan tematzen direnengandik. Euskaldunon Egunkaria bere garaian tematu zen bezala. BERRIA gaur ere tematzen den bezala. Eta garbi daukat, era berean, Euskaldunon Egunkaria eta auzipeturiko bere arduradunak ETA direla esatea eskuin muturreko paranoia ultraespainiar batetik bakarrik aldarrika daitekeen gezur gaiztoa baizik ez dela. Eta hori bezain garbi daukat Euskaldunon Egunkaria-ren joera delitutzat salatu nahi izateak iritzi-delitua ezartzearen muga gainditzen duela. Baina horiek guztiak garbi izateak areagotu egiten dit, hain zuzen ere, ETArekiko akritizismo hori gaitzesteko kemena, erasotzailearen paranoiak ezin baitu inor puntu horretaraino itsutu.

Nolanahi ere, bada hamabi auzipetuen artean horrela jokatzen ez duenik, badakit, eta zinez txalogarria deritzot ildo nagusitik aldentzeko kemena erakutsi izanari, gera bedi hori ere esanda, esan nahi dudana argiago eta zehatzago adierazteko. Baina horien merituak ez du jokabide nagusia zuritzen, kasu honen muinean dagoen Egunkaria-ren --zenaren eta denaren-- jokabide nagusia, alegia.

Barrabaskeria juridikoa dira, baiki, Euskaldunon Egunkaria auzia kudeatzen dutenek hartu eta berrituriko erresalbuzko neurriak, absoluziozko epairik aldekoenak ere zuzendu ezin lituzkeen kalteak sortu baitituzte praktikan. Horregatik gaitzesten ditut, erresumin osoz, neurri horiek, eta horregatik naukazue zuekin horiek salatzen dituzuenean. Egunkari bat ixtea oso larria delako, bost urte epairik eman gabe egoteak larritasun hori areagotzen duelako, guztiz onartezina delako euskara eta euskalgintza indarkeriarekin uztartzea, zuen tortura salaketek erabateko sinesgarritasuna dutelako niretzat eta «zero tolerantzia» aldarrikatzen dudalako halakoen aurrean, eta gehiegikeria horiek zuek zuzenean nozitu eta nozitzen dituzuelako naukazue zuekin, zuekin elkarturik, gehiegikeria larri horien aurka.

Euskaldunon Egunkaria-k, auziak auzi, zabalik behar zuen, inolako etenik gabe. Eta hori errebindikatzeko naukazue zuekin. Baina Euskaldunon Egunkaria-k, bere garaian, eta haren oinordekoak, gaur, beste zentzu batean ere behar zuten zabalik: euskaldun guztion egunkaria izan behar zuen --eta ez zen-- epaile baten erabaki injustu batek duela bost urte itxi zuen hark. Euskaldun guztion egunkaria izan behar luke --eta ez da-- haren ondorengoak. Batak zein besteak euskaldun guztion bateratzaile izan behar zuketen, baina ez zen hura eta hau ere ez da, batak zein besteak hartutako bideak kanpoan utzi baititu euskaldun asko eta asko, ezker abertzalearen sektore ofizialenarekin bat ez datozenak, editorialik gabeko erabateko editorializazioan oinarritzen baitute biek, zenak eta denak, informazio-irizpidea. Sentibera zen oso Euskaldunon Egunkaria, eta BERRIAk ere ildo beretik jarraitzen du, demokrazia lohitzen duten gehiegikerien aurrean (tortura salaketak, ad hoc eraikitako legeria...), eta irakurleak ezin lezake duda izpirik ere izan egunkariaren jarreraz. Meritutzat aitortu behar zaie biei jarrera hori. Gehiegikeriak ETArenak edo haren kontsignei men egiten dietenenak direnean, berriz, ustezko asepsia iraingarri batez ematen dituzte albisteak. Horrelakoetan ere, irakurleak ezin lezake zalantza izpirik ere izan egunkariaren jarreraz. Ezin zaie, ordea, jarrera hori meritutzat aitortu.

Hala ere, ikuspegi horrek ere bere adierazpidea behar du, demokrazia osasuntsu batean bederen, eta tinko izango nauzue zuen ondoan eskubide horren defentsan. Inolako zalantzarik gabe eta hasiera-hasieratik, 1992an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide nintzenean Euskaldunon Egunkaria sortzeko ezinbestekoa zen dirulaguntza publikoa, beste batzuekin batera, uste osoz bultzatu nuenean bezalaxe, edota duela bost urte Donostiako kaleak erresumin demokratikoz blaitu zituen jende-uholde hartan parte hartu nuenean bezalaxe. Tinko defendatu dut beti, beraz, Euskaldunon Egunkaria-ren bizitzarako eskubidea, tinko defendatu eta defendatuko baititut Euskaldunon Egunkaria-k eta haren ondorengoak sekula arbuiatu ez duten indarkeriaren biktimak.

Zuekin nago, beraz; horrela ulertzen baitut nik eskubide eta betebeharren arteko dialektika demokratikoa: zuekiko desadostasunetik arituko naiz, irmo, zuen eskubide demokratikoen defentsan eta zuenganako eraso antidemokratikoen aurka; zuenganako errespetu zibiletik kritikatuko ditut zuen jokabideak, hala egin behar dudala iruditzen zaidanetan.

Zuekin nago, beraz; horrela ulertzen baitut nik euskalgintzak hil edo bizikoa duen aniztasunaren defentsa: zuen alde jarrita, zuengandik --eta gu geu elkarrengandik ere-- garbi bereizten garen euskaltzaleon kemen demokratikoa helarazi nahi dizuet, zuek, halako batean, beste hainbeste egiteko gaitasuna erakutsiko duzuelakoan simetriazko norabidean.

Unibertso bat osatzen dugu euskaltzaleok, ez sekta bat. Eta unibertsoetan, sektetan ez bezala, ezinbestekoa da aniztasuna, norbanakoaren eta gizarte-taldeen garapen harmonikoa baldin bada, behintzat, helburua. Zuenganako elkartasuna aniztasunaren bihotzaz eskaintzeak indartu egiten zaituzte zuek eta duindu gu guztiok, zuen aurkako erasoak zilegitasun izpirik gabe uzteaz bat.

Azken batean, desadostasunak bizi gaitu-eta euskaltzaleok ere. Horregatik nago zuekin. Gehiegikeria eta eraso antidemokratikoen kontra, Egunkaria ixtearen aurka, Egunkaria zabalik izatearen alde. Zuekin. Desadostasunetik.



[Egunkaria-k eta BERRIAk] euskaldun guztion bateratzaile izan behar zuketen, baina ez zen hura eta hau ere ez da, batak zein besteak hartutako bideak kanpoan utzi baititu euskaldun asko eta asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.