Barajas aireportuko garbitze lanak egiten ari diren larrialdi zerbitzuek baieztatu dutenez, bere auto barruan dago Diego Armando Estacio zenaren gorpua. Hondakin ugari daude auto azpian, eta handik ateratzea asko kostatuko zaiela abisu eman dute: "zortzi, hamar, hamalau edo ordu gehiago beharko ditugu".
Diego Armando Estacioren gorpua aurkituta, baieztatu egin da ustez ETAk joan zen larunbatean jarri zuen furgoneta-bonbak bi lagun hil dituela. Herenegun topatu zuten Carlos Alonso Patale eta gaur topatutako Estacio Barajasko 4 terminaleko aparkeluak zeuden.
Atzo aurkitu zuten Estacioren autoa, 20:35ean. Oso azpian zegoenez, bideo kamera txiki bat autora sartu, eta beso bat ikustea lortu dute.
Estacioren biko kideak atzo esan zuen autoa egon zitekeen toki zehatza, eta orduan aurkitu zuten ibilgailua. Hala ere, aurkitu ondoren "lan gogorra" egin dutela eta egin beharko dutela azpimarratu dute larrialdi zerbitzuek, autoa hondakinekin oso tapatuta zegoelako.
19 urteko ekuadortarra
Atentatuaren egunean, goizeko zortzietan heldu zen Diego Armando Estacio Barajasko T4 terminalera, neska-lagunarekin batera, haren amari ongietorria egiteko asmoz. Aparkalekuko 4. solairuan utzi zuten autoa, eta bertan lotan geratzea erabaki zuen, neska-laguna senitartekoa jasotzera joan zen bitartean. Duela bost urte heldu zen Espainiara, eta eraikuntzan lan egiten zuen aitarekin batera, beste enpresa batean lanean hastea erabaki zuen arte.
Diego Armando Estacioren gorpua auto barruan dagoela baieztatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu