Joan den astean iragarritako dimisioa ofizialki aurkeztu du gaur Carmen Rubio, PP Alderdi Popularrak Donostian duen zinegotzietako batek. Alderdiko buruzagitzarekin zituen ezadostasunek bultzatu dute dimisioa ematera.
Gipuzkoako PPko iturrien hitzetan, herrialdeko presidente Maria Jose Usandizagak eskatu zion Rubiori dimisioa emateko erabakia idatziz aurkez zezala. EAEko PPren XII. Kongresua baino bi egun lehenago jakinarazi zuen Rubiok publikoki dimisioa emango zuela, bere ustez alderdiaren zuzendaritzak "txikitu" egin baitzuen Maria San Gil EAEko PPko presidente ohia.
Arrazoi bera argudiatuta, Rubioren egun berean iragarri zuten Gipuzkoako PPko zuzendaritzako orduko kide Pedro Altunak eta Maribel Melgosak dimisioa emango zutela.
EAEko PPren XII. Kongresuan ez San Gil eta ez Jaime Mayor Orexa ez dira egon, biak presidente izan baziren ere. Ez daude ados Espainiako PPko buru Mariano Raxoiren ildoarekin eta gauzak egiteko moduarekin. San Gilek, gainera, politika aktiboa utziko duela iragarri zuen duela aste batzuk.
Politika
Donostiako PPko zinegotzi kargua formalki utzi du Rubiok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu