EAE-ANVk kreditazioak hartu ditu Arabako Batzar Nagusietan

2007ko ekainaren 13a
18:41
Entzun
Arabako EAE-ANVk Batzar Nagusietako kreditazioak hartu ditu gaur Gasteizen. Legez herrialdeko barruti bakar batean utzi zioten aurkezten Espainiako auzitegiek, eta lau batzarkide lortu zituen. Aitor Bezares, Alaitz Etxeberria, Iñaki Usategi eta Jose Antonio Garrido dira horiek.

EAE-ANVk dio Araba osoan aurkeztu izan baliote legez aurkezten, beste batzarkide bat lortuko lukeela -Beñat Mendiguren-, eta hau ere izan da gaur Batzar Nagusietan postua aldarrikatzen.

Bezaresek adierazi du "Madrildik etor daitezkeen hitzarmenen kontra" egingo dutela legealdian.

Hilaren 20an eratuko dituzte Arabako Batzar Nagusiak, eta ahaldun nagusia uztailean aukeratuko dute.

Iruñean "azken segundora arte" saiatuko da "aldaketa gauzatzeko"

Nahiz eta PSNk jakinarazi duen ez duela Nafarroa Bairen aldeko bozkatuko larunbatean Iruñeko Alkatetzarako -EAE-ANVren botoak ez dituelako onartu nahi-, EAE-ANVk gaur esan du "azken segundora arte" saiatuko dela Iruñean "aldaketa gauzatzeko".

"Ardura politikoa" eskatu die Nafarroa Bai eta PSNri, eta gutun bana bidali die. "UPNren alternatiba den edozein hautagaitzari bozkatuko diogu, aurrez akordiorik lortu gabe ere", adierazi du Marine Pueyo EAE-ANVren zerrendaburuak.

UPNk 13 eserleku lortu zituen maiatzaren 27an, Nafarroa Baik 8, PSNk 4 eta EAE-ANVK 2.

11 elkarretaratze debekatuta

EAE-ANVk larunbateko kargu-hartze ekitaldietarako elkarretaratzeak antolatu ditu, baina Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak debekatu egin ditu 11: Iruñea, Agoitz, Berriozar, Leitza, Tafalla, Etxarri-Aranatz, Bakaiku, Irurtzun, Altsasu, Olazti eta Ziordiakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.