EAE-ANVren eta EHAKren kontrako auziak “salbuespen egoeraren” erakusle direla iritzi dio Erauskinek

2008ko ekainaren 20a
17:15
Entzun
EAE-ANV ez ezik, EHAK ere legez kanporatzeko auzi saioak egiten ari dira Espainiako Auzitegi Gorenean. Hain zuzen ere, Nekane Erauskin alderdi horretako legebiltzarkideak deklaratu zuen atzo defentsaren lekuko gisa, eta gaur auziari buruzko argibide eta iritziak eman ditu Eusko Legebiltzarrean.

Bi alderdi horien kontrako auziak “Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoeraren adierazle” direla salatu du Erauskinek. Auzi horien oinarri politika dutela iritzi dio, eta helburua “egiazko aldaketa politikoa” eragoztea dela. “Independentzia lortzeko bidea oztopatu nahi dute, eta horretarako eragile eraginkorrena desagertarazi nahi dute, hau da, ezker abertzalea”, esan du.

Auziez ez ezik, oro har, egoera politikoaz ere mintzatu da Erauskin gaurko agerraldian. Ildo horretatik, Ibarretxek bultzatzen duen galdeketak ez duela gatazka konpontzeko balio nabarmendu du, “marko autonomikoa” iraunarazten duelako. “30 urte daramatzagu gatazka konpontzeko balio izan ez duen proiektu autonomista batean. Gainera, gatazka iraunarazteaz gainfrankismora atzera egitea eta salbuespen egoera inposatzea ekarri du”.

Nolanahi ere, Erauskinek ez du argitu datorren ostiralean Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran galdeketaren alde bozkatuko duten edo ez. EHAK-ko legebiltzarkide baten babesa behar du galdeketa proiektuak aurrera egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.