Espainiako Kongresuak Zapatero hautatu du presidente, PSOE, ERC, IU, BNG, CC eta CHAren aldeko bozekin
Inbestidura saioa amaitu, eta Espainiako presidente gehiengo osoz izendatu zuten Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Kongresuko diputatuek. Zapateroren alderdi PSOErena ez ezik, ERC, IU-ICV, BNG, CC eta CHA alderdien babesa jaso baitu. Guztira, 183 boto lortu zituen, eta, beraz, Zapatero izango da datozen urteetan Espainiako presidente. Espainiako Gorteetan partaidetza duten euskal alderdi abertzaleek, baina, ez dute Zapateroren hautagaitza babestu, ez eta haren aurka egin ere. EAJk, EAk eta Nafarroa Baik PSOEren gobernuarekin duten «eszeptizismoa» agerian utzi nahi izan dute aldeko botorik eman gabe. Hala ere, gauzak alda daitezkeen «esperantza» ere agertu dute, haren aurkako botorik ez baitute eman. Kataluniako CiU alderdia ere abstenitu egin zen.
PSOEko hautagaia presidente bihurtzea ahalbidetu duten aldeko botoak Zapatero beraren alderdiak dituen 164 parlamentarik, ERCren zortziek, IU-ICVren bostek, Coalicioan Canariaren hirurek, BNGren biek eta Chunta Aragonesistaren bakarrak eman dute. Beraz, 183 bozen babesaz lortu du gehiengo osoa Zapaterok. Hautagai sozialistaren aurka egin duen alderdi bakarra PP izan da. Ondorioz, kontrako 148 boto jaso ditu Espainiako gobernuburu izango denak.
Alderdi abertzaleen «itxaronaldia»
Euskal alderdi abertzaleen abstentzioari dagokienez, «itxaronaldi» gisa azaldu zuen EAko diputatu Begoña Lasagabasterrek, haren hautua. Lasagabasterrek azaldu zuenez, zalantzak ditu Zapateroren Gobernuak «benetako aldaketarik» ekarriko ote duen. Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremana jarri zuen horren adibide eta gainditu beharreko gaitzat. Hurrengo Gobernu sozialistak berritze demokratikoa ekar dezakeen esperantzaren adierazpen gisa abstenitu zen Eusko Alkartasunekoa.
Nafarroa Baiko Uxue Barkos diputatuak atzo azaldu zuenez, haien abstentzioak ez du «inbestidura oztopatzea» helburu. Areago, «erronkak zeintzuk diren eta elkar topatzea ahalbidetuko duen bidea zein den gogorazten jarraitzeko» helburuarekin egin zuen, Barkosek, abstentzioaren aldeko hautua.EAJko Josu Erkorekak osteguneko hizketaldian azaldu zuenez, bestetik, «argitu gabe dago Zapaterok ekarriko dituen aldaketak forma aldetikoak ala sakonagokoak izango diren». Hala, «demokraziaren oinarritik haratago joateko» eskatu zion. Guzti hori dela-eta, Zapatero presidente aukeratzeko bozketan abstenitu egingo zirela azaldu zuen, eta halaxe egin zuten atzo goizean.
ERC: «Ez diogu txeke zuririk eskaini»
Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten Euskal Herriko alderdi abertzaleek ez bezala, Katalauniako alderdi abertzale ERCk, aldiz, konfiantza eman zion Rodriguez Zapaterori.
«Gobernu berriak aldaketa garrantzitsua» gauzatu dezakeelakoan eman zioten aldeko botoa ERC alderdiko zortzi diputatuek. Hala ere, Joan Puigcercos ERCren bozeramaileak azpimarratu zuenez, ez diote PSOEri txeke zuririk eskaini. «Hori dela eta, ERCren botoa irabazi egin beharko du PSOEk gaurtik aurreera Kongresuan hasiko den jardunean», adierazi zuen Puigcercok.ERCren bozeramaileak nabarmendu zuen ez direla soilik haiek izan aldeko botoa eman dutenak; «IU-ICV, CC, BNG eta CHA alderdiek ere Zapateroren alde egin dute. Alderdi askoren babesa jaso du Zapaterok».
EAJ, EA eta Nafarroa Bai abstenitu egin dira Zapateroren bozketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu