"EAJk berriz ere, orain arte bezala, leialtasun osoa eskainiko dio Gobernuari", esan du Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak Madrilgo Kongresuan, eta "aurrerantzean ere modu pribatuan ariko gara Gobernuarekin lanean". Hain zuzen, azkeneko hamar hilabeteetan izandako "diskreziorik eza" izan da EAJk Espainiako Gobernuari leporatu dion "akats bakarra". "Baina ETA da prozesuaren bukaeraren erantzule bakarra".
Erkorekak Zapaterori esan dio "kontatzeko" EAJrekin, "babesa eta konplizitatea" izango duela gerora ere, eta "kontsentsurako", bost puntu aipatu dizkio. "1. Gurekin kontatu indarkeriarekiko distantzia markatzeko eta hura gaitzesteko. 2. Kontatu gurekin biktimekiko inplikazio handienarekin aritzeko. 3. Indarkeriaren zilegitasuna baztertzeko egin beharreko lan pedagogikoak egiteko-eta gurekin kontatu. 4. Baita terrorismoaren kontra Zuzenbide Estatutik aritzeko ere. Baina estatua zuzenbidekoa ez da eskubide zibil eta politikoak bermatzen ez dituena, edo Justizia partziala duena, edo kartzela politika mendeku bezala erabiltzen duena. Francoren garaian ere Zuzenbide Estatua zegoen... Eta 5. Indarkeria bukatzeko eta hura atzeraezina bihurtzeko unea iristen denean -gaur ez dago halako unerik-, indarkeriak bukaeran elkarrizketatua izan behar du; hala, Kongresuaren 2005eko ebazpenak balekoa izaten segitzen du".
"Hurrengo hauteskundeetan ez, baizik eta hurrengo belaunaldietan" pentsatzeko eskatu du Erkorekak Espainiako presidenteari.
EAJk "berriz ere leialtasun osoa" eskaini dio Zapaterori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu