Sukarrietan (Bizkaia) egin du gaur goizean bere ekitaldietako bat Demokrazia Hiru Milioi (D3M) ezker abertzaleko plataformak. Hain juxtu, Eusko Jaurlaritzak Guggenheim museo berria eraiki nahi duen tokian egin dute agerraldia. Busturialdeko hautetsi independentistekin batera eman dute mitina D3Mko ordezkariek, tartean Busturiako alkate Andoni Elorrieta (EAE-ANV) eta Julen Aginako zeudela. "Museo berriarekin eskualdean eredu ekonomiko neoliberala inposatu nahi du EAJk", salatu dute.
Ezker abertzaleko kideen hitzetan, "EAJk nekazaritza eta industria sektoreetan oinarritutako ekonomia suntsitu" du, eta "soilik turismoa" bultzatu,Gasteizen agintean egon den 30 urteetan.
"Orain, berriz, inolako eztabaida publikorik gabe eta ezkutuan, batzokietan hartutako erabakiak inposatu nahi ditu", azaldu du Aginakok.
Ezker abertzalearen bidea “garapen sostengarriarena” dela esan dute D3Mko ordezkariek, eta eredu horren alde “indartsu” lan egin ahal izateko martxoaren 1ean D3Mren alde bozkatzeko eskatu dute.
Busturiako alkatea kexu azaldu da "EAJk ezarritako politika ekonomikoaren ondorioz eskualdeko jende askok handik alde egin behar izan duelako". "Gainera, herritarrekin ez dute kontsultatzen politika egiteko garaian", salatu du.
EAJk eredu ekonomiko neoliberala "ezarri" nahia salatu du gaur D3Mk Sukarrietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu