EAJren Gipuzko Buru Batzarrak salatu du jeltzaleei buruz "salaketa faltsuak" egiten ari direla ezker abertzaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak. Ohar bat kaleratu du GBBk, eta ezker abertzaleari leporatu dio hilero 300.000 euro "xahutzen" aritzearen ardura. Hondakinen plana ez betetzeagatik ari da hori gertatzen, jeltzaleen esanetan.
Ezker abertzaleak "bere egitasmo totalitarioa" ezarri nahi duela, eta hondakinen tratamendurako ziren azpiegiturak geldiarazita dauzkala salatu du GBBk: "Jakin nahi dugu zergatik dauden geldituta lanak, zergatik ez dituzten egiten". Kudeaketarako "ezgauza" izatea ere aurpegiratu dio ezker abertzaleari, "liskarra besterik ez du bilatzen, borroka pertsonala eta min egitea, irainduz edota gezurra esanez".
Hondakinen kudeaketarako sinatuak dauden "kontratuen utzikeria, zabarkeria eta kitapenen erantzulea" ezker abertzalea dela adierazi du EAJk. Azpiegituren plana oso zehatza zela, baina ezker abertzaleak "dena gelditu" egin duela eta, beraz, azpiegitura horientzako maileguak baliatuta behar luketela azaldu du. Lanak gelditzearen ondorio da, beraz, maileguaren kitapenaren harira sorturiko arazoa, GBBren esanetan.
"Arazoa aldundi honek sortu du. Azpikeriaz eta nahita ez du betetzen indarrean dagoen araudia, beldurra eraginez, eta liskarra jarriz". GBBk oharrean salatu du jokabide hori dela Gipuzkoako herritarrei diru galerak eragiten ari dena.