LABeko idazkari nagusi ohiaren iritziz, EAJk PSE-EEri egin zion proposamenak “bizkortu” egin behar ditu sektore independentisten “hausnarketa eta apustua, aldaketa politiko eta soziala lortze aldera subiranismoa ardatz erabakigarri bihurtzeko, unionismoa herri honen etorkizun politikoa gerarazi eta baldintzatu nahian dabilen honetan”.
Herri Irratiko =lLa 5ª Columna==http://www.loyolamedia.com/content.php?contenido=columna&idColumna=244=l atalean Rafa Diez Usabiagak dioenez, gehiengo sozial abertzalea “urratu” egin dute, “Ibarretxeren gobernuak eta EAJk erantzun politikorik eman gabe onartutako apartheid mekanismo baten bidez”. LABeko idazkari nagusi ohiaren esanetan, lehen “konstituzio-estatutu esparru ahitua” bazegoen, “orain, gainera, nahita moztutako legebiltzarrak –Gasteiz eta Iruñea- ditugu, eta, beraz, politikoki zilegitasunik gabeak, ez baitute herri borondatea ordezkatzen”.
Diezek gogorarazi du ezker abertzaleak "bere larrutan sufritu" dituela "jazarpen eta apartheid horren ondorioak". "EAJk eta beste indar politiko batzuek apartheid horren kudeaketa egin dute, eta egoera antidemokratikoaz aprobetxatu dute". Horiek hala, kritikatu egin du EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Iñigo Urkulluk orain "kolpe instituzionalaz" hitz egitea, "egoera horren ondorioz EAJ Ajuria Eneatik kanporatua izan daitekeenean".
"Kolpe instituzionala ez da PSE-EEren botoak PPkoekin batzea, Alderdien Legea ezartzea baizik, eta EAJk gustura egiten ari da hori azken urteetan erakunde askotan".
Orain EAJ Eusko Jaurlaritzatik kanpo geratzeko arriskuan dagoelarik, "mota eta izaera orotariko konspirazioen biktima bezala" aurkezten ari da hura, Diezen iritziz.
EAJk PSE-EEri egin dion proposamena ere hizpide du LABeko buruzagi ohiak, eta "botere eta kudeaketa kuotak erregutzeko EAJ muga sinestezinetaraino arrastakaka" ari dela nabarmendu du. Proposamenari "Santoña politiko antzekoa, errenditze politikoa" iritzi dio Diezek. Dioenez, "errenditze" horrek EAJren etorkizuneko jarrera markatuko du.
Gainera, ezker abertzalea PSOErekin batera EAJ agintetik kentzeko "ustezko pintza operazio batean" ari dela esatea leporatu dio Urkulluri. Honek, hori frogatu nahian, ustezko elkarrizketa batzuk haizatu dituela dio Diezek. "Jokabide hori gerra zikin politikoko ekintza da", salatu du; "horrek erakusten du EAJ zertarako gai den bere interesak arriskuan ikusten dituenean".
EAJren “hipokresia” salatu du Rafa Diezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu