Alderdietako zuzendaritzek hitzartutakoa betetzeari muzin egin zioten larunbatean, Hego Euskal Herrian udal berriak osatzean, EAko hautetsiek zenbait herritan; hots, zerrenda bozkatuena errespetatzea itundu zuten buruzagitzek, baina EAJk alkatetza har ez zezan beste hautagai batzuen aldeko botoa edo beren hautagaitzen aldekoa eman zuten jeltzaleak nagusitu ziren zenbait lekutan. Azpeitian (Gipuzkoa), esaterako, EAE-ANVko hautagaiaren alde egin zuten EAko bi zinegotziek EB-Aralarrekoak bezala, eta, ondorioz, EAJko zerrendaburuaren ordez EAE-ANVkoa aukeratu zuten alkate. Zumaian (Gipuzkoa), aldiz, antzeko hitzarmena egin zuten EAE-ANVk, EAk eta EB-Aralarrek, baina kasu horretan, EAko hautagaiaren alde bozkatu zuten.
Jokabide horiek EAko zuzendaritzan ezinegona sortu dutela agertu du Joseba Azkarraga alderdiko Administrazio eta Finantza arduradun eta Jaurlaritzako Justizia sailburuak, eta ituna betearazi eta egoera zuzentzeko ahaleginetan dabiltzala. "Argi utzi nahi dut zuzendaritza nazionalak erabaki zuela EAJ errespetatzea, zerrenda bozkatuena errespetatzea, eta deitoratu behar dut hori ez dela bete EAEko udalen %2 inguruan. Akordio batzuek ez dira bete, eta bete egin behar dira.", azpimarratu du.
Larunbatean bertan zuzendaritzak horren berri izan zuenean agiri baten bidez gertatutakoa deitoratu zuela oroitarazi du Azkarragak, eta sortutako egoera zuzentzeari eman ziola lehentasuna. "Zuzendaritza nazionalak larunbatean bertan agertu zuen gure egungo ahalegin handiena dela egoera puntual hauek zuzentzea, eta azpimarratu nahi dut puntualak direla. Oro har, akordioa bete dugu, baina osotasunean ez, eta osotasunean bete behar dira akordioak eta hori egin nahi dugu". EAko zenbait buruzagik zigorren aukera aipatu duten arren, arazoa halakorik gabe bideratzea espero du Azkarragak.
Iñaki Galdos Gipuzkoako EAren presidenteak atzo Zumaiako alkateari (EA) dimisioa aurkezteko eskatu zion. Alkateak gaur esan du ez duela hori egingo. Azpeitiko EAkoei, berriz, EAE-ANVri Alkatetza kentzeko zentsura mozioa aurkezteko eskatu zien Galdosek.
EAJri alkatetza kendu dioten herrietako egoera zuzentzeko ahaleginetan ari direla dio Azkarragak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu