Gipuzkoako Batzar Nagusiek Sozietateen gaineko Zerga moldatzeko proiektua Batzar Nagusietatik erretiratzea erabaki zuen atzo, EAJk ez duelako lortu EAren babesa (EAJk, PPrekin egindako akordioari esker, tasa %28koa nahi du, EAk %32koa; EBk eta Aralarrek %36koa, eta PSE-EEk %31koa). Hori dela-eta, Joxe Joan Gonzalez Txabarri ahaldun nagusiak gaur berriro esan du foru dekretuaren bidea erabiltzea dela "une honetan" Batzar Nagusietako araudiak ematen duen "aukera bakarra".
Bide hori ez zaio gustatzen EAri. "Uste dugu ez dela modua foru dekretu bidetik jotzea. Espero dugu hori ez egitea, burugabekeria hau handitzea litzatekeelako", adierazi du Begoña Errazti EAren presidenteak Euskadi Irratian. EAJk "ardura beste batzuei bota" nahi diela kritikatu du Erraztik eta, EAJk eta PPk akordioa egin dutela-eta, "beste denak bazterrean utzi" dituztela iritzi dio.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek ostiralean egingo dute ikasturteko azken bilera. Foru dekretuaren prozedura martxan jartzeko, gehiengoaren babesa ezinbestekoa da. Eta behin proiektua adostuta, ezohiko bilera egingo lukete Batzar Nagusiek, haiek baitute azken hitza. "Baldintza horiek ez badira betetzen, erabakia hurrengo legealdian hartu beharko da, baina oraindik bada hilabete bat", esan du Txabarrik.
EB eta Aralar ere dekretuaren kontra
EB-Berdeak eta Aralar ere foru dekretuaren bidearen kontra azaldu dira. "Txabarrik ez dezala izan dekretua ezartzearen intentziorik", esan dute Jon Lasa EBren batzarkideak eta Merino Aralarren Gipuzkoako koordinatzaileak. "Izan ere, bide hori ezohiko arrazoiengatik eta premiazko beharrengatik baino ez da erabiltzen. Batzar Nagusiei iruzur eta iseka egitea litzateke".
EAk ez du nahi Gipuzkoan foru dekreturik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu