EAren ustez, "zinikoa" da ETAren agiria

2007ko urtarrilaren 9a
19:12
Entzun
Unai Ziarreta EAko idazkari nagusiak esan du ETAren agiria "zinikoa" dela eta euskal gizartearen gehiengoaren gainetik "bidea markatu" nahi duela erakundeak. "Euskal gizartea ETAri eskatzen ari dena da alderdien esku utz dezala Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzen, ETA ez baita eragile politikoa". Denen konpromisoa beharrezkoa da Ziarretaren ustez, "prozesua salbatzeko".

EAJk esan du su-eten iraunkorrean segitzea, "ETAren menpe" jarraitzea dela

Iñigo Urkullu EAJren EBBren bozeramaileak esan du "iraingarria eta adarjotzea" dela ETAren agiria, eta su-eten iraunkorrean segitzea, "ETAren menpe" jarraitzea dela.

ETAk su-etena eta bake prozesua Barajasen "lurpetatu" zituela dio PSE-EEk

Rodolfo Ares PSE-EEko bozeramaileak esan du ETAk su-etena eta bake prozesua Barajasen "lurperatu" zituela, abenduaren 30ean atentatua eginda. "Guri axola diguna ETAk egiten duena da, ez esaten duena", adierazi du Aresek, "eta ETAren asmoei buruz, T-4ko atentatua askoz adierazgarriagoa da edozein agiri baino". PSE-EEren zuzendaritza gaur bilduko da, Bilbon.

EB-Berdeak: "ETAri, armak uztea baino ez zaio geratzen"

"ETAri, indarkeriaren bukaera iragartzea, armak uztea eta desagertzea baino ez zaio geratzen", Mikel Arana EB-Berdeetako bozeramaileak uste duenez. "Ezker abertzaleko sektore esanguratsu batek ere haren erretiroa nahi du".

EAJ eta EAren Udalbiltzak ETAri "Euskal Herria bakean uztea" eskatu dio

EAJren eta EAren Udalbiltzak ETAri eskatu dio "Euskal Herria bakean uztea" eta ez erabiltzeko Euskal Herriaren izenik. Julian Eizmendi Udalbiltzako lehendakariak esan du "bakea eta normalizazio politikoa" eraikitzeko lanean ari direla, "nahiz eta une hau kritikoa izan". "Giza eskubide denen alde" egiten du Udabiltzak eta euskal herritarren erabaki eskubidea aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.