Ezker abertzalearen baitan izan den azken eztabaidaren ondorioak gustura hartu dituztela berretsi du gaur Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Muñozen arabera, astelehenean plazaratu zuten ebazpenak gauza on asko ditu, batik bat, "gogoeta soilik politikoa" delako, eta bide horretatik jarraitzeko galdegin dio ezker abertzaleari.
Aitzitik, agiri horretan berritasun eta aurrerapausorik ikusi ez dutenekin kritiko agertu da, eta gatazka bukatzeko gogorik ez izatea leporatu die; zehazki, "zenbaitzuk gatazka armaturik gabeko etorkizun bati beldurra" diotela ematen duela adierazi du Muñozek. PSE eta PP izan dira bereziki ezker abertzalearen ebazpena hutsaltzat jo dutenak.
Ildo horretatik, Espainiako Estatuak gatazka bideratzeko azken ekimenei oztopoak jarri dizkiela iritzi dio ELAko idazkari nagusiak, eta horren adibidetzat jarri ditu Arnaldo Otegiren eta Rafa Diezen atxiloketak. "Estatuak bazekin Rafa Diez, Arnaldo Otegi eta besteak zertan zebiltzan, eta atxilotu egin zituzten urrian. Gehiengo sindikalekook horren kontrako jarrera hartu genuen, 'mesedez, oztopo gehiago ez' esanez. Prozesu hau oso zaila da kudeatzen eta ondo bukatzea interesatzen zaigu guri".
Ebazpenean aurrepausorik ikusi ez dutenei gatazka bukatzeko beldur izatea egotzi die ELAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu