Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak "onartezina" deritzo EAE-ANVk Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohiaren hilketa salatu ez izana baina, aldi berean, EAJk ANVrekin udaletan akordiorik ez duela nabarmendu du, beste batzuek badutela edo eduki izan dutela iradokiz.
Horretaz gain, iazko udal hauteskundeetako testuingurua ahalbidetu zutenei "gogoeta partekatua" egiteko eskatu die, ANVk leku batzuetan aurkezterik izan zuelako eta beste batzuetan ez. PSOEri eta Batasunari zuzendu zaie, hain justu, Egibar. "Alfredo Perez Rubalcabak eta Pernando Barrenak azal diezagutela zer dela-eta geratu zen gaur erakundeetan dugun mapa politikoa".
Haren ustez, zentsura mozioak "ez luke normalizaziorako eskenatoki progesioboetarako lagunduko", eta GBBren gaurko erabakiarekin Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) bat egiten duela adierazi du.
ANVri "indarkeriaren uztarritik askatzeko modua egiteko" dei egin dio GBBko presidenteak. "Ez dugu guk askatuko uztarri horretatik, beraiek askatu behar dute". ANVko "boto-emaileekin pedagogia sozial eta politikoari buruzko lana" egiteko prest azaldu da, "alderdi hori bake prozesuan aktore ezinbestekoa izan daitekeela pentsatuta".
Aralar: "Iruzur politikoa litzateke"
Oxel Erostarbe Aralarren Gipuzkoako koordinatzaileak zentsura mozioaren aldeko alderdien jarrera kritikatu. "Izan ere, ANVk bere garaian alkatetza lortzeko hautagaitza aurkeztu zuenean, orduan egin ez zutena orain egin nahi dute beste alderdiek, eta hori iruzur politikoa da". Zentsura mozioak "gatazkaren bukaerari ekarpenik ez" liokeela egingo uste du Aralarrek.
EA: "Ezinbestekoa zen denak ados egotea"
EAk azkenean ez du zentsura mozioaren alde egin, "horretarako ezinbestekoa zelako denak ados egotea, eta ez da halakorik egon".
PSE-EEk EAJren "koldarkeria" salatu du
Manolo Huertas Gipuzkoako PSE-EEko presidenteak EAJren "koldarkeriagatik" minduta daudela adierazi du. "EAJren jarrera honek guk harekin izan beharreko harreman politikoak baldintzatuko ditu".
EB: "Duintasunaren kontrakoa da alkateak atentatua ez gaitzestea"
Antton Karrera Gipuzkoako EBko koordinatzaileak adierazi du Arrasateko alkateak ez lukeela karguan segitu beharko, "duintasunaren kontrakoa delako hor egotea eta atentatua ez gaitzestea". Horregatik egin du EBk zentsura mozioaren alde.
PP: "EAJk ez dauka ETA bukatzeko borondaterik"
Maria Jose Usandizaga Gipuzkoako PPko presidenteak esan du "egun tristea" dela "euskal herritarrentzat eta, orohar, demokratentzat", eta, haren iritziz, "EAJk ez dauka ETA bukatzeko borondaterik; gaur ikusi da hori".
Egibarrek "Rubalcabari eta Barrenari gaurko mapaz gogoeta partekatua" egiteko eskatu die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu