Joseba Egibar EAJren GBBren lehendakariaren ustez, Arnaldo Otegi ezker abertzalearen buruzagia atxilotu izana "albiste txarra da normalizazioaren bidean joateko solaskide bat atxilotzea, ez duelako laguntzen".
Atxiloketa ez da "zuzenean" ETAren agiriari emandako erantzuna izan, "baizik eta iraganeko logikari jarraitzen dio, PPren garaikoari; PSOEk arlo juridikoko zenbait izendapenen adostasunean parte hartu zuen".
Haren iritziz, "ez da justua izan" ezker abertzalearen erreakzioa, "EAJ egin duelako erantzule, eta, hain zuzen, 'Imazen EAJ', izena jartzeko estrategia horretan".
ETA kritikatu egin du Egibarrek. "Atera duen agiria, bere historiako mailarik txikienekoa da, eta bake prozesua ahalik gabe utzi duena, ETA bera izan da".
Josu Jon Imaz EAJren EBBren presidenteak, berriz, gaur Ser Espainiako irrati katean esan du asteko albisterik "garrantzitsuena" ETAk su-etena hautsi izana dela, "asteartetik milaka lagunek tiroa bota diezaioketen ustea dutelako", eta "izorratu" egiten dio "astea Otegiz eta De Juanaz hitz egiten bukatu beharrak". Otegi kartzelan sartu zuten atzo eta Iñaki de Juana presoa asteazkenean -senda-agiria duen arren-.
Imazek adierazi duenez, "Batasuna ETAren menpeko izan da" su-eten garaian, "eta Otegik ez du ezer esan" ETAk berriro armak erabiltzea erabaki duenean.
Egibarren ustez, "albiste txarra da solaskide bat atxilotzea", eta Imazi "izorratu" egiten dio horretaz hitz egiteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu