GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak bi batzar ditu gaur, ohikoa bat, ez-ohikoa bestea. Josu Amilibia EH Bilduko ordezkari eta Tolosako Mankomunitateko buruak salatu du, lau eguneko tarte txikiaz gain, azken dokumentazioa batzarra baino hemezortzi ordu lehenago baino ez dutela jaso. Aurreikuspen guztien arabera, batetik, GHKren 2014 eta 2015eko kontuak onartuko dituzte gaur batzarrean. Bestetik, ez-ohiko deialdia ere egin dute. “Larrialdiko batzarrean hainbat gauza onartuko dira: batetik, errauskailuaren bideragarritasun txostena, aurreproiektua eta beste gai oso potente batzuk”, adierazi du Amilibiak batzarraren aurretik.
Erraustegiaren bideragarritasun plana eskuartean, aurreikuspen guztien arabera gaur onartuko den bideragarritasun txostena salatu du EH Bilduk: “Gaur hemen adostu behar dena da 35 urtetarako gipuzkoar guztiok lotuko gaituen prozedura bat, 1.200 milioi euro kostatuko zaiguna”. Koalizioak kontrako botoa emango du, txostena onartzeko GHK-k erakutsitako “presengatik”: “Larritasun hori ez dago inondik inora justifikatuta”. Dena den, Amilibiak azaldu du ez dutela ezezkoa horregatik soilik emango. Besteak beste, erraustegiaren kontratuaren irabazleak etekinen %10,5eko mozkin tartea izango duela salatu du: “Ehuneko hori bermatuko zaio: hau da, 35 urte horietan, 120 milioi euro irabaziko ditu”.
Amilibiaren esanetan, GHKren kontuak “ez daude batere garbi”: “GHK kiebra egoeran dago, eta badirudi nolabait makillatu nahi dutela hori, GHK SAU sozietatea aurrera ateratzeko”. EH Bildu ez dago GHKren administrazio kontseiluan, eta, beraz, ez dute jakiten zer den horko kideen artean “sukaldatzen” dutena. “Lau egun lehenago jakiten ditugu halakoak, larrialdiko batzar batean. Milaka milioiz hitz egiten ari gara, eta lau eguneko informazioa baino ez daukagu”.
Erraustegiaren aurka jarraituko dutela baieztatu du Amilibiak, “badaudelako alternatibak”. Haren esanetan, egungo egoera bestelakoa litzateke oraingo gobernuak legealdi hasieran egindako aldaketak egin ez balitu. “Lehengo legealdian TMBa prest zegoen, eta aurrera jarraitu izan balute seguraski momentu honetan eginda edo bukatzear egongo litzateke, baina dena atzera bota zuten. Hala, orain sortzen diren 160.000 tonetatik %70 inguru sailkatuko litzateke, eta arazoa txikiagoa izango litzateke, edo ez litzateke existituko ere”. Amilibiak gogoratu duenez, ordea, aldaketak “esanguratsuak” zirela-eta, Ingurumen Baimen Bateratua berritu behar zela esan zuten. “Orain, dirudienez, baimena eman diote aldaketa esanguratsuak egonik ere, zeren hau ez da lehen aurkeztu zen proiektua: proiektu berria da, eta badago nahiko mami baimenari dagokionez”.