EH Bildu koalizioak dio Espainiako egungo gobernua ere "gezurretan" ari dela krisiaren aurrean, eta adierazi du "irtenbide" gisa Euskal Herriak burujabetza behar duela, "eredu sozioekonomiko berria eraikitzeko".
"Gaur, inoiz baino gehiago, Euskal Herriak aurrerapauso bat eman behar du burujabetzaren bidetik, euskal herritarrok etorkizuna izan dezagun, eta Espainiako Estatuak, espekulatzaileen eskutik, pobrezia estrukturalera eraman ez gaitzan. Eta, besteak beste, egungo eredu ekonomikoa eraldatzeko, banka publiko bat eraiki behar dugu; espekulaziotik urruti, inbertsioa sektore estrategikoetara, enplegua sortzera eta herritarron onura bermatzera bideratuko duen banka publikoa", esan dute EH Bilduren izenean Marije Fullaondok eta Oskar Matutek, Bilbon.
Koalizioak "erantzukizun politikoak eta penalak" eskatu ditu arduradun politiko eta finantzarien kontra.