EHAK Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista legez kanpo uzteko eskatu dio berriro PPk Espainiako Gobernuari, "Batasunaren segida" dela argudiatuta. Halakorik frogatzen duen "susmo sendoak" topatzen badira Gobernuak helegitea aurkeztuko duela adierazi du Juan Fernando Lopez Aguilar Justizia ministroak. Jose Blanco PSOEko Antolaketa idazkariak, berriz, nabarmendu du PPko Angel Acebes Barne ministro zela onartu eta legeztatu zutela EHAK alderdi gisa, dagoeneko Espainiako Alderdien Legea indarrean zela.
Hain zuzen ere, EHAK 2002an eratu zela alderdi gisa azpimarratu du Blancok, eta, orduan, PPren esku zegoela Espainiako Gobernua, eta, zehazki, Angel Acebesen mende Barne Ministerioa. Hori dela eta, PPk EHAK ikertu eta legez kanporatzeko arrazoirik balego erabakia aurrera eramateko bi urte izan zituela erantsi du.
Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak EHAKri buruz biltzen duen informazio guztiaren berri emango diotela PPri hitzemandu Blancok.
Bonok ez du baliogabetzea baztertzen
Jose Bono Espainiako Defentsa ministroak ez du baztertzen oraindik EHAK Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistaren zerrendak baliogabetzeko aukera. Bonoren iduriko, nahiz eta berandu ohartu EHAK "baliogabetzeko moduko" zerrenda dela adierazten duten zantzuak badaude ezinbestekoa izango da "legea aplikatzea".
Adierazpen horiek egiteko Juan Fernando Lopez Aguilar Espainiako Justizia ministroak atzo egindako adierazpenetan oinarritu da Bono. Izan ere, Lopez Aguilarrek esan zuen Espainiako Fiskaltzak EHAK sakonago ikertzeko aukera ez dagoela alboratuta.
Lopez Aguilarren azalpen horrek "poztu" egin duela nabarmendu du Bonok. "Asko poztu nau [Lopez Aguilari] entzuteak fiskalak zerrenda ikertzeko aukera ez dagoela baztertuta. Izan ere, berandu jabetu arren baliogabetzea eragin dezaketen ekintzak badaude legea aplikatu beharko litzateke, legearena baita demokraziako inperio bakarra", esan du.
Batasunak EHAKren bidez Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortzea "deitoragarria" litzatekeela nabarmendu du Bonok.
EHAK Acebes Barne ministro zela legeztatu zutela erantzun dio PSOEk PPri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu