“Abiapuntu” bezala, EHAK “ados” dago Hezkuntza sailburuak gaur hizkuntz ereduen aldaketaz aurkeztu duen proposamenarekin, "etorkizunean ikasle eleanitz euskaldunak nahi ditugulako". Baina zehaztapen gehiago egitea eskatu behar du, "oinarrian esaten denak gero praktika politikoan beste norabide bat hartzea saihestu behar delako, Gobernu honetan ohitura den bezala".
EHAK-k "ausardia handiagoa” eskatu dio Jaurlaritzari eta, bere ustez, ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektuak egin aurretik, “azterketa sakonak egin beharko lituzke jakiteko zein den ikastetxearen inguruaren egoera soziolinguistikoa, ekonomikoa...". Ondoren zehaztu beharko litzateke ikastetxearen hizkuntzaproiektua, “eta orduan bai, malgutasunaz jokatzea posible litzateke, betiere zehaztutako helburuak lortzeko”.
Marko berrirako proposamena errealitatea izateko “baliabide asko” jarri behar direla dio EHAK-k. Hala, Eusko Jaurlaritzaren “2008ko aurrekontuetan isla garrantzitsua eduki beharko luke”.
Aralarren zalantza bat
Aralar konforme azaldu, oro har, Jaurlaritzaren asmoarekin baina zalantza bat agertu du Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak. Betiere proiektua eta helburuak kontuan hartuta "ikusi behar dena da ikastetxe bakoitzaren autonomia nola ahalbidetuko litzatekeen".
PSE-EEk "adostasuna" eskatu du ereduak aldatu aurretik
Isabel Celaa PSE-EEren legebiltzarkideak ez du gaizki ikusi Camposen proposamena baina, gauzatu aurretik, "adostasuna" eskatu du. "Izan ere, ereduaren aldaketa ezingo da egin aurretik ez baldin badago adostasun politiko eta sozialik".
PP A eredua kentzearen kontra
PPri ez zaio gustatu aldaketa proposamena eta A eredua kentzearen kontra mintzatu da Iñaki Oiarzabal legebiltzarkidea, "euskal hezkuntza sistemako ikasleen %40 eredu horretan matrikulatuta daudelako". Eredu "malgua" eskatu du, "gurasoek beraiek erabaki dezaten euren seme-alabek zein hizkuntzatan ikasi behar duten".
EHAK "ados" dago baina "ausardia handiagoa" eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu