EHAK, talde erabakigarria Eusko Legebiltzarrean

2008ko irailaren 19a
10:17
Entzun


Espainiako Alderdi Politikoen Legearen ondorioak saihestu zituen duela hiru urte EHAK alderdiak, 2005ean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeetan, baina orain legez kanpo utzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, lege hura oinarritzat hartuta.

2005eko apirilaren 17ko bozetan bederatzi legebiltzarkide eta 150.644 boto lortu zituen EHAK-k 2005eko bozetan (botoen %12,4). Laugarren indar bozkatuena izan zen.

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko bozketan erabakigarria izan zen. Izan ere, Juan Jose Ibarretxe jeltzaleak 34 boto bildu zituen (EAJ 22ak, EAko zazpiak, EBko hirurak etaEHAK-ko bi) eta Patxi Lopez PSE-EEko hautagaiak 33 (PSE-EEko 18ak eta PPko 15ak).

Herrialdeetako Alderdi Komunistak (EHAK), Ezker Abertzalea (EAB) izena hartu zuen legealdirako.



Harrezkero, Eusko Legebiltzarrean giltza nagusietakoa bilakatu da. Ganberako presidentearen aukeraketan ikusi zen hori, esaterako: Juan Mari Atutxa (EAJ) atzera ere presidente ez ateratzeko EABren boto zuria erabakigarria izan zen. Ganberako laugarren indarra izan arren, Mahaitik kanpo utzi zuten talde abertzalea, eta EAJ, EA, PSE-EE, PP eta EB-Berdeetako legebiltzarkideen artean banatu zituzten Mahaiko ardura postuak.

Mahaian ez, baina Batzordeetako eraketan eragitea lortu zuen Ezker Abertzalea taldeak. Izan ere, taldeak eskatu bezala, 18 kidez osaturiko batzordeak eratu ziren -bozketak egiteko orduan aparteko garrantzia dauka-, eta bina ordezkari izendatu batzorde bakoitzerako. Emakume eta Gazteria Batzordeko presidentzia ere eskuratu zituen EABk: Ane Auzmendi legebiltzarkidea da bertako presidente.

Politika munduan eskarmenturik izan gabe ekin zioten EABko legebiltzarkideek ganberako eguneroko lanari. Dena den, azken hiru urteotan eztabaidarako proposamenen gehien aurkeztu dituzten taldeetako bat da Ezker Abertzalea: legegintzaldia hasi zenetik gaur arte 200 ekimen baino gehiago eraman dituzte Eusko Legebiltzarrera; legez besteko proposamenak, agerraldi eskeak, galderak, mozioak edota informazio eskakizunak tarteko.

Hauteskundeetan emandako hitzari jarraiki, EABkoek ikuspuntu ezkertiar eta abertzale batetik egin nahi izan dituzte proposamenok. Eta helburu horri jarraituta hitzartu dituzte ekimenak beste legebiltzar taldeekin ere. Besteak beste, 1976ko martxoaren 3ko gertakariei buruzko legez besteko proposamena, Txernobilgo hondamendiaren 20. urtemuga gogoratzeko adierazpena, edota Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako agiria adostu dute EAJ, EA, EB, PSE-EE, PP eta Aralarrekin.

Euskal Herriaren aitortza politikoa eta autodeterminazio eskubidea errespetatua izateko lana burutzea izan da Ezker Abertzalearen lehentasuna legealdia hasi zenetik. Eta norabide horretan proposatu dituzte eztabaidarako ekimen asko. EABko legebiltzarkideek Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa hizpide izan dute maiz, eta behin baino gehiagotan eraman dituzte osoko bilkuretara eta batzordeetara euskal presoen egoera, Ertzaintzaren jokabidea, 1976ko martxoaren 3ko gertaerak, euskal herritarren aurkako epaiketak (18/98, Egunkaria eta Haika-Segi auziak), atxilotuen eskubideak, elkarrizketa eta akordioaren beharra, edota legez kanporatzeen auzia.

Beste ekimen batzuk: Euskal Herriko hezkuntza curriculum berria bultzatzeko proposamena, oinarrizko errenta “duina” izatea etengabeko aldarrikapena, Abiadura Handiko Trenaren aurkako jarrera, euskararen erabilera bermatzeko lege proposamena...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.