EHU Euskal Herriko Unibetsitateko errektore Iñaki Goirizelaiak “zalantzak” ditu hiru urteko unibertsitate graduak ezartzearen inguruan. Uste du Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek jakinarazitako egitasmoak eraginak sortuko dituela enpleagarritasunean, aurrekontuetan, plantilan, eta egitura fisikoetan. Horregatik, azaldu du, ondo pentsatu beharreko gaia dela, eta “lasaitasunez, patxadaz eta presarik gabe” hartuko duela erabakia EHUk.
Ministroaren egitasmoaren aurka azaldu ziren unibertsitateko errektoreak, eta horren arrazoia azaldu du Goirizelaiak: “bere garaian pauso bat eman genuen, eta eskaintza guztiak berriz diseinatu genituen. Orain, nahi dutena da guk dena berriz aldatzea”. Gaur egun dagoen formatua ez da ebaluatu oraindik, eta ondoriorik gabe, beste egitura batera salto izugarria ematea “oso konplikatua” dela uste du errektoreak. Hausnarketa sakon bat egingo dutela adierazi du, baina gaur-gaurkoz beste zeregin batzuk dituztela nabarmendu du: “dauzkagun graduen eskaintza ebaluatu behar dugu, ondorioak atera, eta berriro akreditatu gradu horiek”.