Samoan Richter eskalako 7,9 graduko lurrikarak tsunamia eragin du, eta ondorioz, ehunen bat lagun hil direla jakinarazi du hango Hondamendien Kudeaketarako Zentroak. Hildako gehienak Lalomanu herrian izan dira, herrialdearen ekialdean.
Pazifikoan dago Samoa, eta estatu independentea da. 177.000 biztanle ditu. Artxipelagoa da; denera, 2.944 kilometro kuadroko eremua. "Dena oso azkar gertatu da. Kostaldea desagertu egin da", esan du Sau Saun zegoen Zeelanda Berriko turista batek.
Berri agentzien arabera, Apia hiriburuan jendea bertako gune garaienetara joan da, modu kontrolatuan, eta horrek han hondamendia gertatzea eragotzi du.
Samoaren ekialdean Samoa Amerikarra dago -Ameriketako Estatu Batuetako kolonia da; 199 kilometro kuadroko eremua-, eta hor ere izan dira hildakoak; Poliziaren arabera, hamalau lagun zendu dira. 58.000 biztanle ditu Samoa Amerikarrak, eta Barack Obama AEBetako Gobernuko presidenteak hondamendi eremutzat jo du gaur.
Japonian, Pazifikoko kostaldean, alerta egoeran daude, tsunamiaren beldur.
Ehunen bat lagun zendu dira Samoan tsunamiaren ondorioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu