10:55 aldera atera da Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria EAEko Auzitegi Nagusitik, ia ordu eta erdiz inputatu gisa deklaratu ondoren Roberto Saiz epailearen aurrean. Batasuneko buruzagiekin bilera egiteagatik "desobedentzia delitua" egitea leporatzen diote. Irribarretsu irten da, Jaurlaritzako sailburu guztiak berarekin zirela. Esker onezko keinuak egin dizkie han bildutako guztiei.
Irribarretsu eta keinu lasaiarekin irte du auzitegitik. Begoña Arregi emaztea eta Jaurlaritzako sailburu guztiak atera dira berarekin, deklaratzen zuten bitartean auzitegi barruko itxaron gela batean izan baitira zain.
Sartu denean bezala, ehunka herritar zituen zain Ibarretxek irten denean: txaloka eta "aurrera" oihuka hartu dute. Epaiketa politikorik ez pegatina zeukaten bildutakoetako askok. Lehendakariak irribarretsu eta esker onezko keinuak eginez agurtu ditu herritarrak irten denean. Era berean, han ziren Jaurlaritzako hiruko gobernuko alderdietako buruzagiak eta Aralarrekoak, eta haiek banan-bana agurtu ditu. Eusko gudariak ere abestu dute bildutakoetako batzuk Ibarretxe irten denean.
Epaitegira sartu, berriz, 09:20 aldera egin da, orduan ere Begoña Arregi emaztea lagun zuela. Auzitegi Nagusira iritsi denerako Jaurlaritzako sailburu guztiak, hiruko gobernuko alderdietako buruzagiak eta Gipuzkoa eta Bizkaiko diputatu nagusiak zain zituen. Aralarreko ordezkariak ere bai. Gobernuko kideek egin diote harrera: ilaran jarrera banaka-banaka agurtu dituzte Ibarretxe eta Arregi. Ondoren, EAJ, EA , EBko eta Aralarreko buruzagiak eta diputatu nagusiak agurtu ditu.
“Desobedientzia delitua" izatea leporatuta, EAEko Auzitegi Nagusian deklaratuko du gaur goizean Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, iaz Arnaldo Otegi, Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena Batasuneko buruzagiekin bilera egin zuelako.
Atzo Otegi, Barrena eta Petrikorena joan ziren EAEko Auzitegi Nagusira, baina uko egin zioten epailaren eta akusazioen galderei erantzuteari.Batasuneko kideei “desobedientzia” delitua egitea leporatzen die auzitegiak, alderdi hori legez kanpo joa dutela-eta.
Otegik esan zuen, “frankismoan bezala”, ezker abertzaleko kideen jarduera politikoa “salbuespeneko auzitegiek” baldintzatzen dutela, irekita dauden hamaika auzien bidez. “Baina hau eztabaida politikoa da, ez juridikoa, eta eztabaida politiko honen jatorria Espainiako Alderdien Legean dago. Beraz, Euskal Herrian benetan prozesu demokratikoa egin nahi bada, Alderdien Legea deuseztatu egin behar da”.
Hain zuzen, Ibarretxek alderdi guztiekin egin zuen bilera txandan batu ziren laurak, iazko apirilaren 19an, Ajuria Enean. Bilera horren ondoren, kereila jarri zuen Ermuko Foroak, eta kereila horrek bidea egin du, lau politikariak inputatu gisa deklaratzera deitu arte.
Ehunka herritarrek txaloka eta "aurrera" oihuka hartu dute lehendakaria epaitegitik irten denean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu