Gaurko 'Berria'-n argitaratua

Ehunka palestinar ihes egiten ari dira Rafako errefuxiatu gunetik

Tropa israeldarrek etxe gehiago suntsitzeari ekin diote eta lubaki edo ubide bat eraikitzeko asmoa dute

2004ko maiatzaren 18a
10:58
Entzun
Erredakzioa

Ehunka palestinarrek ihes egiten jarraitu zuten atzo Egipto eta Gazako mugan dagoen Rafako errefuxiatu bizigunetik, Israelgo Armada joan den aste amaieran bertan gauzatzen hasitako etxebizitza suntsiketa oldeak ez baitie beste aukerarik uzten. Israelgo auzitegi gorenak palestinarren helegitea arbuiatu ondoren, Ariel Sharon lehen ministroarengandik txikizio hauek areagotzeko manua jaso du Tsahalek eta agintze honen obratzeari ekin zioten atzo soldadu israeldarrek. Ororen buru, ekitaldi honi amaiera bat ez bazaio ematen azkar, palestinarren ehunka etxe deseginda geratuko dira Rafako iheslari bizigunean.

Udal agintarien arabera, 2.000 palestinarrek baino gehiagok Rafako hirira ihes egin dute joan den igandeaz geroztik. Itzuri egite honek etengabe jarraitu zuen atzo, izualdiak jota zeuden Rafako iheslari biziguneetako ehunka lagun oinez joan baitziren Rafako hirira buruz, ondasun bakan batzuk zeramatzatela kamioneta nahiz orgaxketan. UNRWA Palestinako Errefuxiatuentzako Sorospen Agentziako Paul McCannek atzo azaldu zuenez, iragan astean Israelek etxea desegin zien bizilagunentzat ezarritako 400 aterpeak hartuta zeuden. Rafako eskola edo meskitetan 2.000 lagunentzat aurreikusitako lekuentzako ere halaber gertatzen zen. Izan ere, ostiralean palestinarren etxebizitzen suntsiketa operazioa hasi zuenetik igandea bitartean, 88 etxe txikitu zituen Tsahalek. UNRWAk egindako zenbaketaren arabera, hil honen hasieratik, 191 bizitegi suntsitu ditu Israelgo Armadak Gazako lurraldean. Bigarren intifada, 2000ko irailaren 28an piztu zenetik, Rafako errefuxiatu biziguneko 2.000 eraikin birrindu edo andeatu ditu Tsahalek eta egitate hauen ondorioz 11.000 lagunetik gora aterperik gabe gelditu dira.

Kureia Ricerekin bildu da

Israelgo Armadako dozenaka tankek errefuxiatu bizigunea inguratuta zeukaten atzo eta horien gerizpean hondeamakina batzuk hasi ziren bide baten desegiten. Tanketetatik tiro egin zieten hurbildu ziren ibilgailuei. Suntsiketa hauekin Israelgo Armada handitu nahi du Egiptoko Sinai penintsularen eta Rafako lehen etxebizitzen arteko esparrua, segurtasun aitzakia batzuengatik. Izan ere, Israelgo agintari politiko eta militarrek diote Rafako errefuxiatu bizigunearen eta Egipto artean hainbat tunel zulatu dituztela palestinarrek armak Gazan ezkutuan sartzeko. Gainera, mugalde honen 9 kilometroko luzeeran, 200 metroko zabalera duen Filadelfia deitutako pasabidean, etengabe patruilatzen duten Tsahaleko ibilgailuek behin eta berriro Rafako errefuxiatu bizigunetik egindako tiroak jasan dituztela argudiadu dute agintari israeldarrek, joan den aste amaieran hasitako ekitaldi militarra beharrezkotzat jotzeko.

George W. Bush Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen segurtasun nazionalerako aholkulari Condoleezza Ricerekin bi orduz bilduta egon ondoren atzo Berlinen (Alemania), Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Ahmed Kureiak zinki eskatu zion Washingtonek Israelgo Gobernuari presio egin diezaion Gazan gertatzen den suntsiketa olde hau geldiarazteko. Era berean, PANek Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari eskatuko dio egoera honi buruz premiazko bilera bat egin dezan eta Israelek Rafako ehunka etxebizitza suntsitzeko daukan asmoa galaraz dezan. Palestinako Aginte Nazionaleko legebiltzarra, «estatu-terrorismotzat» jo zuen Israelek Gazan egunotan burutzen duen operazioa, Israelgo Gobernuak «ideologia arrazista baten ildotik, zigortze kolektiboak, gerra krimenak eta genozidio bat» daramala azalduta. Europako Batasunak ere gaitzetsi zuen «neurriz kanpoko eta nazioarteko zuzenbidearen aurkakotzat», eta berehala gelditzeko eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.