Eider Zuriarrain neurri judizialekin utzi dute libre

2011ko martxoaren 2a
09:17
Entzun
Eider Zuriarrain Espainiaratzearen aldeko erabakia jakinarazi zuen atzo Paueko Apelazio Auzitegiak. Zuriarrain kontrol judizialpean aske dago, eta halaxe jarraituko du momentuz. Orain Paueko Auzitegiak hartutako erabakiari helegitea jartzeko aukera dauka.

Otsailaren 10ean atxilotu zuten Zuriarrain Urruñan (Lapurdi), eta preso sartu zuten, harik eta hurrengo egunean kontrol judizialpean aske utzi zuten arte. Espainiako Auzitegi Nazionaleko euroagindu eskaera baten ondorioz atxilotu zuten, lanera zihoala, Urruña eta Baiona arteko bidean. ETArekin kolaboratzea egozten dio Auzitegi Nazionalak Zuriarraini. Nolanahi ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azpimarratu zuen Zuriarrainek bizitza erabat publikoa egiten duela, eta Baionako ikastolan egiten duela lan.

Iazko otsailaren 13an, Villabonan (Gipuzkoa) Ibai Beobide atxilotu zutenetik dabil Polizia Zuriarrainen bila. Jende gehiago ere atxilotu zuten operazio hartan, eta atxilotuek Guardia Zibilaren eskutik tortura gogorrak jasan izana salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.