Gero eta gertuago dago ekainaren 8rako Gure Esku Dago mugimenduak antolatutako giza katea, eta, data gerturatu ahala, ugaritzen doaz herriz herri antolatutako ekitaldiak. Asteburu honetan ere, egitarau oparoa prestatu dute. Besteak beste, Realak eta Vila-realek bihar Anoeta estadioan jokatuko duten partida baliatuko dute Durango eta Iruñea batuko dituen katearen berri emateko. 12:00etan da partida, eta giza kate bat osatuko dute Anoeta aurrean 11:15ean.
Igande honetan, 11:15ean, Realaren partidaren aurretik, #gizakatea Aita Donostia plazan (Anoeta parean) ZATOZ! pic.twitter.com/o32KYuouPa
— GureEskuDagoDonostia (@GureEskuDagoDon) May 13, 2014
Urbian ere osatuko dute katea. Hainbat eskualdetako lantaldeen artean antolatuta —Debagoiena, Goierri, Urola eta Arabako lautadakoak—, 12:00etan batuko dira Aizkorri magalean. Gaur, berriz, Bilbon, San Inazioko Levante plaza eta Deustuko Done Petri lotuko dituzte kalejira batean, 18:00etan. Lasarten (12:00-13:00 artean kale nagusian) eta Andoainen (eguerdian goiko plazan) egingo dituzte giza katearen entseguak. Zornotzan, berriz, igandean egingo dute katea.
Ez ahaztu! Domekan zita bat daukagu Zelaieta parkean @GureEskuDago en GIZA KATEA osatzeko pic.twitter.com/NtPjeHKIVW
— Gure esku ZORNOTZA (@GureskuZORNOTZA) May 16, 2014
Horiez gain, Gure Esku Dago egunak antolatu dituzte larunbaterako Donostiako Intxaurrondo auzoan, Elizondon eta Ondarroan.