EKT "sendo" dago, eta proiektu berriekin hasteko bidea emango dio horrek

2008ko ekainaren 21a
19:15
Entzun
BERRIA egunkariaren bosgarren urteurreneko egun berean, akziodunen batzarra egin du gaur Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT), Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean, eta taldea "ekonomikoki sendo" dagoela adierazi du Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak. Hori dela-eta, taldea proiektu berriei ekiteko moduan dela jakinarazi du. Akziodunek ontzat jo dute 2007ko jarduna, aho batez.

Egitasmo berrien artean, aurten Nora bidaia aldizkaria eta iragarkilaburrak.com jarri ditu martxan beste eragile batzuekin batera. BERRIA egunkariak berak, gaur diseinua eta edukia berritu egin ditu, eta udazkenean aldaketa gehiago egingo ditu.

Bost urteok "oparoak" izan direla adierazi du Joxan Lizarribar Administrazio Kontseiluko lehendakariak. Urteotan EKTk euskaldunen eskura hainbat hedabide jarri dituela nabarmendu du, baita euskarazko hedabideentzat “balio handikoa izango den azpiegitura atontzen” joan dela ere. “Dudarik gabe, egin den lana handia izan da, nahiz eta ez den nahikoa izan eta oraindik lan handia dugun egiteko”.

Salmentei eta harpidetzei, orokorrean, eutsi egin dietela adierazi du Larrartek -CIESen arabera, batez beste 70.000 irakurle ditu BERRIAk egunero; harpidedunak hamar milatik gora dira-. Merkatuari begiratuta, egunkarien salmenta behera doala eta taldekoak ez daudela hortik kanpo ohartarazi du kontseilari ordezkariak. Irakurle kopurua igotzeko "bide eraginkorrenetakoa" promozioena izan dela azaldu du, iaz eginikoek lortutako "emaitza onei" erreparatuta. Ikastetxeekin harpidetza kanpaina bereziak ere ari da lotzen BERRIA.

BERRIA.INFOk gorako bidea segitzen du, eta gaur egun egunero bederatzi mila bisitari inguru dauzka. Webgunea berritu egingo dute udazkenean.

Beste proiektuak

EKTk, BERRIAn eta honen webean ez ezik, beste proiektu komunikatibo batzuetan ere hartzen du parte, eragile desberdinekin. Esaterako, Hitza hiri-eskualde egunkarietan: Donostian, Tolosaldean eta Leitzaldean, Oarsoaldean, Lea-Artibai eta Mutrikun, Urola Kostan, Goierrin eta Busturialdean. Haien denen artean irakurle kopurua “100.000 lagunetik dezentez gorakoa” dela azpimarratu du Larrartek. Bost Hitzek dagoeneko galerarik ez izatea lortu da. Azken bi urteetan erronka egitasmo hori "egonkortzea" izan da.

2007an, gainera, Hitza egunkarien diseinua berritzeaz gain, haien eta beste elkarte batzuen artean www.hitza.info atari nazionala jarri zuten martxan, eta Hitzetako herri bakoitzak ere weba ere badu ordutik -hiri-eskualdekoek segitzen dute-.

Hamaika telebista Hedatzeko Taldearen proiektuan ere badabil EKT. Iaz Hamaikak tokiko telebistak sortzeko lizentziak lortu zituen hamabost barrutitarako eta, ondorioz, eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat izateko aukera dago. “Aurten lortu nahi da lehena martxan jartzea, Bilbokoa, eta atzetik etorriko dira gainontzeko eskualdeak”, esan du Larrartek.

Bidasoa Inprimatzeko zentroa da elkarlanean garatzen ari den proiektu nagusietako beste bat, iazko akziodunen batzarrean onartu zutena. Beste lau enpresa talde daude proiektu horretan EKTrekin batera -EKHE, Printek, Bulkograf eta Leitzaran Grafikak-, eta "proiektua aurrera doa".

Zorrik gabeko enpresa



2007ko kontuei errepasoa egitean, EKTk ez du zorrik izan, eta irabazi txiki batzuk izan ditu. "Egoera saneatua da", esan du Larrartek. Diru sarreretan izandako “hazkunde txikia” da EKTren kezka nagusia. "BERRIAren salmentak ez dira nahi beste hazten, publizitateak behera egin zuen iaz, diru laguntzen politika ez da taldeak nahiko lukeena, diru-sarrerak ez dira handitzen behar litzatekeen neurrian eta gastuak gora doaz urtetik urtera. Hala, indarrak sarrrerak handitzera bideratuko ditu taldeak". Dena dela, EKTren “balantze kontsolidatua ona” dela esan du.

Proiektu berriak sortzeko lana egingo duela adierazi du Lizarribarrek, “baina laguntze aldera, administraziotik ere hedabideen sustapena eta kultur industria sendo baten eraketa ekarriko duen dinamika eta politika” garatzea egokia litzatekeela gaineratu du. “Beste behin, horretarako borondaterik ez dugula ikusten esan beharrean gaude”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.