Sindikatuek gogor kritikatu dute patronalaren proposamena. “Elkarguneak nahi badituzte, hitzarmen sektorialak negoziatzeko mahaiak deitu ditzala”, esan du UGTk.
Ez da asko itxaron behar izan. Confebaskek lan harremanetarako eredu berria proposatu eta bi ordu eskas igaro direnerako ELAk eta UGTk euren iritzia plazaratu dute ohar bidez. “Confebaskek harmoniaren eta bake sozialaren mezuak igortzen dizkiote gizarteari, noiz eta lan baldintzak objektiboki guztiz prekarioak direnean, noiz eta bien egitura apustua prekaritatearen aldekoa denean”, adierazi du ELAk. Sindikatuak gogorarazi du lan harremanak desorekatuta daudela Espainiako Gobernuek egindako bi lan erreformen ondorioz. Eta Eusko Jaurlaritzak gertaera hori “ez du aintzat hartzen”, ELAren arabera. Alderantziz: “Patronalaren aldeko mezuak zabaltzen ditu, prekaritatea diru publikoz bultzatuz, bere ardurapeko esparruetan prekaritatea hedatuz, lan iruzurra bilatzeari utziz, eta enpresei gero eta zerga gutxiago ordaintzen lagunduz”. Confebasken enpresa eredu berriak, gainera, enpresa eta langileen arteko harremana indibidualizatu nahi izatea leporatu dio sindikatuak. Eta proposamen horrek Eusko Jaurlaritzaren babesa duela esan du, “diruz laguntzen” duelako patronala eta Arantza Tapia Lehiakortasun sailburuaren presentzia ere hor zegoelako.
UGTk ere kritikatu du lan harremanetarako eredu berria. Haren arabera, patronalak konfiantzan oinarritutako lan harreman nahi badu “langileen estatutuen 64. artikulua bete besterik ez dauka”. Bertan, langile batzordeak informazioa eskuratzeko duen eskubidea biltzen du. “Hortik has daitezke”. Sindikatuak esan du Confebaskek lan harreman indibidualizatuen aldeko apustua egiten duela, eta langileekin elkarguneak nahi badituzte bide erraza daukala: “Lan hitzarmen sektorialen negoziazio mahaiak deitu ditzala; horrekin hasi gaitezke elkar ulertzen”.