ELAk "erantzukizunak argitzea" eskatu du Ertzaintzaren "eraso neurriz kanpokoa" dela-eta

2007ko otsailaren 26a
18:48
Entzun
ELAren ustez, Ertzaintzak larunbatean Bilboko manifestazioan egin zuen "erasoa arrazoi gabea eta neurriz kanpokoa" izan zen eta, horregatik, "erantzukizunak argitzea" eskatu du, "ardura larriena dutenengandik, hau da, bildutakoen aurka egiteko ordena eman zutenengandik hasita". Izan ere, "manifestari baketsuak sakabanatzeko aginduak ez zuen inolako justifikaziorik; are gutxiago, hain era bortitzean jendea sakabanatu izanak".

ELAren iritziz, "badirudi Barne Saileko arduradunentzat Ertzaintza Audientzia Nazionalaren tresna hutsa dela, eta gehiago balio duela biltzeko eta manifestatzeko eskubidea oztopatzeko, herritarren eskubideak eta askatasuna babesteko baino. Bestela, ezin da ulertu larunbatean Bilbon erabilitako neurriz kanpoko indarra eta bortxa".

Ertzaintzan bigarren sindikaturik bozkatuena da ELA.

ErNE: "Karga proportzionatua izan zen"

ErNE Ertzaintzako sindikatuak esan du larunbatean ertzainek egin zuten karga, "manifestarien jarrera harro eta prepotentearen aurrean, proportzionatua" izan zela. "Manifestariek legea gainditu nahi izan zuten nahi zutenean eta nahi zuten modura". Espainiako Auzitegi Nazionalaren debekua zegoela gogoratu du eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agindua bete beharra zuela, "Ertzaintzak ez diolako behin ere legea betetzeari utziko".

Azkarragak "konfiantza" du Ertzaintzaren "profesionaltasunean"



Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak "konfiantza osoa" du Ertzaintzaren "profesionaltasunean" eta larunbatean Bilbon izan ziren liskarrak "inoren gustukoak ez" direla esan du, "ez manifestarientzat, ezta inola ere Polizia Autonomoarentzat ere".

PSE-EEk "erabat" babesten du Ertzaintzaren jokabidea

Rodolfo Ares PSE-EEren bozeramaileak gaur esan du bere alderdiak "erabat" babesten duela Ertzaintzak larunbatean Bilbon izan zuen jokabidea. "Egin behar zuena egin zuen. Hiri osoan liskarrak zeuden eta ertzainek ez zuten beste erremediorik", adierazi du ETB2an emandako elkarrizketan.

Aresen ustez, "ezker abertzalearekin exijenteagoa izan behar da indarkeria bazter dezan". PSE-EEko buruzagiak esan du ezker abertzaleak "ETAri ez badio esaten 'honaino iritsi gara' eta ez badu politikaren apustua egiten", azkenaldian egin dituen proposamen eta adierazpenak "positiboak" ez direla nahikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.