Txinparta batek samina eragin zuen atzo Elorrion (Bizkaia). Magnesiotara erori eta su hartu ostean sortu den eztanda baten ondorioz, langile bat hil eta beste lau zauritu egin ziren, horietako bi "oso larri". Erredurak dituzte gorputzeko zati handi batean, eta Gurutzeko Ospitalean daude, Barakaldon, eta gaur medikuek esan dutenez, bi horiek larri segitzen dute.
Atzoko lan istripua salatzeko, gaur 12:00etan elkarretaratzea egin dute sindikatuek Elorrioko plazan. 400 bat lagun bildu dira.
Herrizaingo Sailak jakinarazi zuenez, 10:30 aldera gertatu zen istripua, Betsaide auzoko Leunketan enpresan. Enpresa txikia da hura, bost langile ingurukoa. Ezbeharra gertatu zen unean, ohiko langileak ez ezik, enpresak mantentze lanetarako azpikontratatutako bi argiketari autonomo zeuden lantokian. Horietako bat da hildakoa, 22 urteko T.O.E. bermeotarra. Gorputzaren %95 erre zitzaion, eta Gurutzetako ospitalean zendu zen, 14:00ak aldera. Haren lankidea ere oso larri dago, gorputzaren %40 erreta baitu. Zauritu den hirugarren langileak gorputzaren %70 du erreta.
Elkarretaratzea egin dute sindikatuek Elorrioko plazan, atzoko lan istripua salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu