Eudelek (EAEko udalen elkartea) eta beste erakunde batzuek deituta elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian, ustez ETAk gaur egin duen atentatua salatzeko asmoz. 12:00etan hasi dira ekimen horiek, erakunde atarietan. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Deustuko Unibertsitate atarian izan da, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, Ricardo Blazquez Bilboko gotzaina eta Jaime Oraa Deustuko Unibertsitateko errektorearekin batera.
Bilboko udaletxe atarian, berriz, Julia Madrazo alkateordea, Iñigo Urkullu EAJko presidentea, Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko burua, Leopoldo Barreda EAEko PPko zuzendaritzakidea edota Isabel Celaa PSE-EEko legebiltzarkidea izan dira.
Gasteizko udaletxe atarian, Gregorio Rojo Vital Kutxako presidentea izan da, baita Udaleko ordezkariak eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria ere.
Donostiako bilkurak Odon Elorza alkatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak izan ditu buru.
Lakuan (Araba) elkartu dira Idoia Zenaruzabeitia Jaurlaritzako lehendakariordea, Miren Azkarate bozeramaile eta Kultura sailburua, Javier Balza Herrizaingo sailburua edota Joseba Azkarraga Justiziakoa.
Ondarroan (Bizkaia) Udal Kudeaketa Batzordeko kideak, Andoni Ortuzar Bizkaiko EAJko presidentea edota Maixabel Lasa Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria elkartu dira.
Santoñako (Espainia) Udalak 19:00etarako antolatu du elkarretaratzea. 13:00etan ezohiko udalbatzarra egin dute, eta atentatua salatu dute.
Bihar ere izango dira protesta ekimenak. Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak ehun elkarretaratze inguru egingo ditu arratsaldez. ELAk Bilbon egingo du elkarretaratzea, Plaza Biribilean. Nafarroako udalen elkarteak ere deitu ditu, eguerdirako; udaletxeetan atarietan egingo dituzte.
Eusko Legebiltzarrak bihar Gasteizen omenaldia egingo dio Santoñan hil den militarrari, Luis Conde de la Cruz zenari. 11:45ean lore sora jarriko dute biktimen eskulturaren ondoan eta militar haren argazkia ipiniko dute. Ondoren, gaitzespen agiria irakurriko dute.
Elkarretaratzeak egin dituzte erakunde atarietan; bihar ere izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu