Alberto Barandiaran kazetariak Xabier Azanza Euskararen Nafar Institutuko (ENAI) zuzendari izendatu berriari egindako elkarrizketaren aurrerapena da honakoa. Biharko BERRIAn plazaratuko da osoa:
Hizkuntza politikan aldaketa sakonen premia ikusten duzu?
Aldaketa sakonak ez dira egongo, hori garbi egon da hasieratik. Euskararen legearekin ibili behar dugu. Baina hori esanda, esan behar dugu aukerak daudela legearen barruan lana egiteko, eta hor dugula lan egin beharra.
Zergatik onartu duzu lanpostu hau?
Ni duela zazpi urte ikastola bateko zuzendaritza batzordean nengoen. Orduan, Nafarroako Ikastolen Elkartearen lehendakaritzarako aurkeztuko nindutela esan zidaten. Euskara maite dut, ez da nire ama hizkuntza izan, baina maite dut, eta nire seme-alaben heziketa euskaraz izan da. Eta duela zazpi urte postu hori onartzea erabaki nuen. Gaur egun, erakunde berria sortu da, ENAI, euskararen alde lana egiteko. Institutuaren inguruan [Carlos Perez Nievas Hezkuntza] kontseilariaren azalpenak entzun nituenean, nire gustukoak izan ziren. Euskara despolitizatu egin behar zela esan zuen, gure ondarea dela. Nire gustuko hitzak izan ziren. Hori izan da ni bultzatu nauena lanpostu hau onartzera.
Beste euskal lurraldeekin harremanak nolakoak izango dira?
Argi dago non hitz egiten den euskaraz, eta Euskal Autonomi Erkidegokoekin eta Iparraldekoekin harremanak eduki behar ditugu, euskara hor hitz egiten delako. Ez da gure lehentasuna, baina harreman normalak izango ditugu haiekin.
ELKARRIZKETA AURRERAPENA/Azanza: “Aukerak daude legearen barruan lan egiteko”
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu