ELKARRIZKETA/ Hutcheson: "Itunaren aurkakoek jende gehiago mobiliza dezaketelako daude urduri Dublingo gobernua eta Brusela"

2008ko ekainaren 12a
11:01
Entzun
J.M.S.

Derek Hutcheson eskoziarra Zientzia Politikoetako irakaslea eta Europako Ikerketetako burua da UCD Dublingo Unibertsitate Kolejioan. 2006tik dihardu lan horretan. Lehenago, 1998tik Glasgowko Unibertsitateko (Eskozia) irakasle aritu zen. Gehien jorratzen dituen arloak Europari dagozkio, bereziki ekialdekoari, baina parte-hartze politikoa, komunikazio politikoa eta galdeketak ere ikertzen ditu.

Zure ustez, zeintzuk dira Lisboako Itunaren aldeko eta kontrako puntu nagusiak?

Aldeko puntuen artean, Itunak Europako Batasunako instituzioak hobetu eta harmonizatu egingo dituela aipa daiteke. Erreferendumean alde bozkatzea galdegiten dutenek gogorarazten dute Irlandak onura ekonomikoak izan dituela EBn. Kontra bozkatzeko eskatzen dutenak, aldiz, nabarmentzen ari dira Ituna onartzekotan Irlandak, eta beste estatu kide txikiek, galdu egingo dituztela beren ordezkari iraunkorrak. Ildo berean, orain baino arlo gehiagoren gaineko erabakiak gehiengo kualifikatuarekin onartuko lituzkete, kontsentzuz egin beharrean. Erabaki horiek funtsezko arloetan hartuko lituzkete modu horretan.

Itunaren aurkakoen esanetan, Dublinek eta Bruselak hitzartu dute EBk ez dituela zenbait erabaki polemiko jakinaraziko harik eta erreferenduma igaro arte.

Halako eztabaida bat dagoela uste dut. Itunaren kontrakoek agerian utzi nahi dituzte hura onartzeak Irlandarako izango dituen ondorioak, hala nola korporazioen gaineko zerga EBkoarekin bateratzea -Frantziak eginiko proposamena da- eta abar. Dena den, hitzarmen horren berririk ez dut nik.

Azken bi inkestek emaitza gorabeheratsuak eman dituzte. 'The Irish Times'-en, aurkakoak %35 dira eta aldekoak %30. Aitzitik, 'Sunday Business Post'-en aldekoak %42 eta aurkakoak %39 dira. Dublin eta Brusela aski urduri egongo dira...

Bai, uste dut oso urduri daudela, azkenaldian lehen aldiz agertu izan baita ezetza nagusi, joan den astean The Irish Times-en. Dena den, oraindik herritarren %19 zer bozkatu jakin gabe daude, zalantzan. Hala, zalantzan daudenak edota alde batekoak eta bestekoak mobilizatzen asmatzean egongo da garaipenaren koska. Tradizionalki gizarte eta ekintzaile taldeek izan dute jendea mobilizatzeko gaitasunik handiena halako auzietan. Horiexek dira Itunaren aurkakoak, eta jende gehiago mobiliza dezaketelako daude urduri Dublingo gobernua eta Brusela.

Ezezkoak irabazten badu, zer ondorio izango dira Irlandarako eta EBrako?

Bi ondorio posible ikusten ditut. Batetik, Ituna berriz aztertu beharra, berriz negoziatzea, eta ondoren beste galdeketa bat egitea. Ikusi beharko litzateke lege aldetik zer-nolako ondorioak izaten diren. Politikoki baliteke Irlandak bere eraginari eustea, baita bere ordezkari edo komisionatuari ere. 2002an Nizako Itunaren gaineko bigarren erreferenduma egin zuten Irlandan, 2001ekoan ezezkoa nagusitu ondoren. Ordu hartan, Itunari aldaketa txiki batzuk egin zizkioten herritarrak berriz erreferendumera deitu aurretik. Baiezkoa ateratzea lortu zuen Gobernuak. Urte hartan gauza bera gertatu zen Danimarkan. Irlandan, dena dela, auzia korapilatuagoa izan zen, Konstituzioa erreformatu behar izan zuelako. Hori orain beste galdeketa baterako gaia izan liteke. Horrez gain, ikusi beharko da orain Irlandak ezezkoa ematen badu, EBko beste 26 estatu kideek zer jarrera hartzen duten.

Eta Dublinen agintean den gobernurako, zer ondorio aurreikusten dituzu ezezkoa nagusitzen bada?

Fianna Fail eta DP Demokrata Aurrerakoiekin batera koalizio gobernuan den GP Alderdi Berdea da erreferendumaren aurrean jarrera zatitua duen bakarra. Bere kideei boto askatasuna eman die. Gobernuko beste kideak eta Legebiltzarreko alderdi gehienak, Sinn Fein izan ezik, baiezko botoa eskatzen ari dira. Baina galdeketan porrot eginez gero, ez dut uste koalizio gobernua koloka geratuko denik. Sinesgarritasun piska bat galduko du, bai, batez ere lehen ministro berriak, Brian Cowenek.

Eta zer gertatuko da baiezkoak irabazten baldin badu?

Itunak bere bidea segituko du, eta heldu den urtean, aurreikusi bezala, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte. Epe luzean beste estatu batzuk erantsiko zaizkio EBri, eta instituzio arloko moldaketak egingo dituzte horretarako.

Eraginik izango al du Irlandako Errepublikako emaitzak Irlanda iparraldearekiko edota Londresekiko harremanetan? Baliteke iparraldeko herritarrek ere bozkatzerik izatea Erresuma Batuko epaileek galdeketa eskatzen duten kontserbadore eta laboristen alde ebatziz gero...

Ez dut uste harreman horiek aldatuko direnik. Hegoaldeko erreferendumak ez du eraginik izango harreman horietan eta mugaz gaindiko 150 bat erakundeetan. Elkarlanean segituko dute orain arte bezala.





Londresek galdeketa egin edo ez, epaileen esku

Gobernuak dio aski dela Legebiltzarrak Lisboako Ituna onartu izana, baina 'tory'-ek helegitea jarri diote

j.m.s.

Berez Europako Batasuneko estatu kideetako gobernuen esku dago Lisboako Itunaren gainean herritarrei zuzenean galdetu edo ez, alegia, erreferenduma antolatu edo ez. Baina soilik Irlandako Errepublikan antolatu behar izan dute, hango konstituzioak hala aginduta. Gainerako estatu kideetan soilik legebiltzarrean bozkatzea erabaki dute gobernuek, baita Erresuma Batukoak ere. Erresuma Batuak maiz esan izan du aski dela Legebiltzarrak hura berrestea, eta ez duela galdeketarik egiteko asmorik. Alabaina, horri helegitea jarri dio oposizioko alderdi nagusiak, tory edo kontserbadoreak, eta auzia bi epaileen esku dago orain.

Londresko legebiltzarrak joan den martxoaren 11n berretsi zuen Lisboako Ituna. Halaber, erreferenduma egiteari uko egin zion.

Halere, auzia erabakitzeke dago oraindik, kontserbadoreen diru-emaile garrantzitsu batek, 73 urteko Stuart Wheelerrek, epaitegietara eraman baitu. Maiatzean lortu zuen hori. Argudiatzen duenez, lehen ministro zela EBren Konstituzioaz erreferenduma egingo zuela agindu zuen Tony Blairrek. «Konstituzioa errefusatua izan zen, eta Lisboako Itunak soilik izena du ezberdina», dio kontserbadoreen sostengatzaileak. Epaileak herenegun hasi ziren auzia aztertzen, eta atzo esan zuten «ahalbait lasterren» jakinaraziko dutela epaia.

Epaileek Gordon Brownen gobernua erreferenduma egitera behartuz gero, baliteke Brownek gobernua galtzea, agintean diren laboristak krisian baitira, maiatzean Ingalaterran eta Galesen eginiko udal bozetan porrota izan ondotik, bereziki tory-en mesedetan. Tory-ak inkestetan ere nagusi dira, eta berriz agintera itzultzeko gero eta posibilitate handiagoak dituzte. Erreferenduma egingo balitz, pisu handiagoa izango luke Erresuma Batuko 60,3 milioi biztanleen erabakiak Irlandako Errepublikako 4,3 milioienak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.