Elkarrizketa/Ixabel Alkain: "Legea, arrazoia eta gizartearen eboluzioa gure alde daude"

2008ko irailaren 8a
10:45
Entzun
A.Arratibel

1996. urtean alardean parte hartzen ahalegindu ziren emakumeen artean zegoen Ixabel Alkain. Urteetan Jaizkibel konpainiako kapitaina izan zen, Garoa Lekuonari lekukoa eman zion arte. Tinko jarraitzen du emakumeek alardean parte hartzeko borrokan. Ziur dago lortuko dutela. «Iazkoak agerian utzi zuen argudioak aspaldi amaitu zitzaizkiela», dio Alkainek.

Zer moduz joan dira biharko egunera begira egin dituzuen entseguak? Arazorik izan al duzue?

Ez, ez dugu batere arazorik izan. Giroa lasaia izan da, eta gu babestu gaituzten ertzainen kopurua ere aurreko urteetakoa baino askoz txikiagoa izan da. Portu inguruan behar izan dugu batez ere haien babesa.

Iazko desfilearen amaieran jaiak bahituta jarraitzen zuela adierazi zenuten. Berdintasunerako bidean pausorik eman al da?

Aurten ere ahaleginak egin ditugu Udalarekin eta alderdi politikoekin hitz egiteko, baina kontua oso geldi doa. Udala izan da guztion jaia esku pribatuetan utzi duena, eta hori oso larria da. Alde horretatik guk eskaera garbia egin diogu behin eta berriz Udalari: alarde bakar eta publiko bat bultzatzea, eta Jaizkibel barruan izatea. Baina ez dugu erantzunik izan. Daukaten interes eta helburu bakarra istilurik ez izatea da, eta herriko itxurari kalterik ez egitea. Hori ikusita, nahiko ezkorrak gara. Noiz arte jarraitu behar dute egoera iraingarri eta larri honekin? Guk, halere, lanean jarraituko dugu gure eskaera bete dadin.

Jaurlaritzak Berdintasun Legea bultzatu zuen. Zein da haien jarrera?

Gurekin guztiz ados daudela diote. Baina Jaurlaritzako alderdi nagusiak -EAJ- dauka bertako alkatetza, eta beste modu batera jokatzen du. Kasu honetan ez da Berdintasun Legea betetzen.

Iaz alarde tradizionalaren aldekoak plastiko horiarekin eta Disneyko mozorroekin atera ziren, eta aurreko urteetan plastiko beltzarekin. Aurtengorako zer espero duzue?

Aurten ez dakit zer egingo duten, ez dut ideiarik ere. Baina iazkoak agerian utzi zuen argudioak aspaldi amaitu zitzaizkiela. Legea, arrazoia eta gizartearen eboluzioa gure alde daude. Geratzen zaien argudio bakarra tradizioarena da, eta tradizioaren aurka egin dutenak beraiek dira alardea pribatua izatea onartuz.

Gizartearen eboluzioa aipatu duzu. Bai konpainian eta bai zuek babesten zaituztenen artean ere gazte asko dago. Sostengu handia izango da hori zuentzat?

Bai.Hori oso nabarmena da, eta guretzat babes handia da. Gero eta gazte gehiago dago konpainian, aurten ere badira berriak. Gazteak bide bat aukeratzen ari dira, eta horren aurrean ezin dute ezer egin.

Zer mezu bidaliko zenieke Hondarribiko herritarrei?

Jaiak disfrutatzeko dira, horixe izan da beti gure oinarria. Bateratu beharko gintuzkeen gauza batek halako bereizketa sortzea ez du zentzurik, ez du arrazoirik. Onartezina da egoera hau. Emakumea izateagatik alardea horrela ospatu behar izateak izugarrizko mina egiten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.