ELKARRIZKETA/Sergio Laurenti, Txileko Amnesty Internationaleko zuzendaria

2006ko abenduaren 12a
10:28
Entzun
«HERIOTZ ETA KRIMEN HORIEN ERANTZULE NAGUSIA ZIGORRIK GABE JOAN DA HILOBIRA"

Arantxa Elizegi

Sergio Laurentirentzat Txileko diktadore ohi Augusto Pinochet hil izanak ez du esan nahi diktadura garaiko krimenak argitzeko prozesua amaitu dela. Txileko Amnesty Internationaleko zuzendaria da bera 2002az geroztik, eta oso gertutik jarraitu ditu Pinocheten kontrako salaketak.

Diktadore ohia hiltzearekin batera amaitu da borroka?

Ez, justiziaren bila jarraituko dugu. Haren heriotzak soilik esan nahi du haren abokatuak prozesua behar adina luzatzeko bezain onak izan zirela, eta Gobernuak eta Justizia Ministerioak ez diotela garrantzirik eman epaiketak azkartzeari. Bestetik, kontuan hartu behar da Pinocheten kontrako prozesua duela hiru urte hasi zutela, nahiz eta 16 urte inguru daramatzagun demokrazian. Horregatik diogu justizia eskasa eta motela izan dela. Ondorioz, biktimentzat ere ez dago benetako justiziarik.

Diktadore ohiaren azken egunek herrialdea bitan zatitu dutela diote askok.

Herrialdea denbora askoan egon da zatitua. Pinocheten auziak gizartearen bat-egitea atzeratu besterik ez du egin. Banaketa politikoa nabarmena da Pinocheten aldekoen eta giza eskubideak urratu zituela sinesten dutenen artean. Beraz, erabateko batasuna ezinezkoa izango da zauri guztiak sendatzen diren arte, eta zauri horiek ez dira sendatuko justiziarik gabe. Hori epaile independenteen esku dago, zeinak zigorgabetasuna amaitu eta giza eskubideak urratu dituztenak zigortu behar dituzten. Halako prozesuak trabatzen dituzten trabak ere desagerrarazi behar dira. Horietako bat da Amnistia Legea. Lege hori diktadura garaian onartu zuten, giza eskubideak urratu zituzten buruzagi militarrak babesteko. Lege hori indargabetu egin behar du Gobernuak.

Zein izan da Pinochet auzipetu ahal izateko oztopo nagusia?

Krimenen benetako erantzuleak nortzuk diren argitzeko zailtasunak. Diktaduraren ondorioak izugarriak izan dira: 3.190etik gora hildako eta 1.185 desagertu. Gertaera horietan jende askok parte hartu zuen. Besteak beste, armada eta segurtasun indarretako kideek. Horretaz gain, kontuan hartu behar da hil zen unean Pinocheten kontrako ehunka salaketa zeudela. Borroka honetan biktimen eta giza eskubideen aldeko ekintzaileen pazientziari esker ikusi ahal izan dugu argia. Hala ere, azkenean, heriotza eta krimen horien guztien erantzule nagusia zigorrik gabe joan da hilobira.

Txileko armadak Pinocheti ohore militarrak eskaintzea erabaki du.

Hori armadak eta Gobernuak erabaki beharreko zerbait da. Baina armadak duintasun apur bat edukiko balu ez zukeen halako erabaki bat hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.