Elorrieta: "Zeinek agintzen du Ertzaintzan: Auzitegi Nazionalak edo Jaurlaritzak?"

2007ko otsailaren 27a
15:32
Entzun
ELAko idazkari nagusiak dio ez dutela Ertzaintza bera "zuzenean" kritikatzen, "larunbatekoaren atzean erabaki politikoa dagoelako eta hori da kritikatzen duguna, batik bat". Haren ustez, EAEko Poliziak ez du auzitegien "morroi" izan behar.

Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusiak gogor egin du Ertzaintzak lehengo larunbatean amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko manifestazioan izandako jokabidearen kontra -atzo ELAk esan zuen "erasoa arrazoi gabea eta neurriz kanpokoa" izan zela-. "Dena dela, ez dugu zuzenean Ertzaintza bera kritikatzen, larunbatekoaren atzean erabaki politikoa dagoelako eta hori da guk kritikatzen duguna, batik bat", adierazi du gaur Elorrietak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizten.

Hala, galdera batzuk bota du: "Ertzaintzak zeinen aginduak bete behar ditu? Eta nola? Aginduak betetzeko era desberdinak daude baina zeinek agintzen du Ertzaintzan: [Espainiako] Auzitegi Nazionalak edo Eusko Jaurlaritzak?". Auzitegi Nazionalak debekatu zuen larunbateko manifestazioa eta Ertzaintzari agindu zion ekitaldia egiten ez uzteko.

Elorrietaren arabera, Ertzaintzak ez du auzitegien "morroi" izan behar eta "irizpide batzuk" izan behar ditu. Jendeak manifestatzeko eskubidea "kasu guztietan" izan behar du, ELAko buruaren iritziz. Halaber, uste du ezker abertzaleak udal eta foru hauteskundeetan izateko "eskubide osoa" duela.

Iñaki de Juana euskal presoaz, berriz, hura aske uztea "beharrezkoa" dela esan du Elorrietak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.