Elurrak ez ditu kikildu Ziripot eta txatxuak

2013ko otsailaren 12a
19:24
Entzun

(Iñigo Astiz)

Elurra gorabehera, jende andana bildu da Lantzen Ziripot, Mielotxin, Zaldiko, perratzaileak eta txatxuak ikustera. Arratsaldean erreko dute bandoleroaren irudia.

Inauterietako egun handia da gaurkoa, baina zalantza egin dute goizean Lantzeko herritarrek (Nafarroa). Ziripot atera edo ez atera egon dira, eta bazen dudarako motiborik. Elurtuta zeuden inguruak, elurtuta herriko kaleak, eta mara-mara ari zuen, gainera. Ziripot zuten kezka. Beldur ziren Zaldiko izeneko pertsonaiak lurrera botatzean haren jantzia busti eta hautsiko ote zen. Goizak aurrera egin ahala, ordea, elurra atertu, eta pertsonaia guztiak atera ahal izan dituzte. Zaldikoa, perratzaileak, txatxuak, Mielotxin, eta baita Ziripot bera ere: inauteri osoa. Herrian gora eta behera ibili dira lehenik, eta plazan dantzatu dute gero zortzikoa. Arratsaldean berriz egingo dute buelta, eta iluntzean hil eta erreko dute Mielotxin.

Beste urte batzuetan baino bisitari gutxiago izan da aurten, herritarren arabera, baina gosari osteko zortzikoan eta txatxuak sabaian mozorroak janzten hasi direnean beteta egon da ostatua. Eguraldia izan da beherakadaren arrazoia, baina ehundaka pertsonak egin dute, halere, Lantzerainoko bidea. Izan ere, Euskal Herriko landa inauteri ezagunenetariko bat da bertakoa. Horrek ez du esan nahi, ordea, gaurkoak sorpresarik piztu ez duenik. Urtero berritzen da ezustekoa, eta izan da txatxuak ikusi eta negar batean hasi den haurrik, eta herritarrei pertsonaia baten eta bestearen esanahiaz galderak egiten ibili den bisitaririk ere.

Ahazte bidean zen inauteria, harik eta 1964an Julio Caro Baroja eta Pio Caro Baroja anaien lanari esker herritarrek berreskuratu ahal izan zuten arte. Euskal Herriko hainbat tradiziori buruz dokumental bat grabatzen zebiltzan orduan Caro Barojatarrak, eta Lantzen hainbat zaharren testigantza bilduta eman zioten arnas berria ohitura zaharrari. Egun erabat errotuta dago. “Guretzako harrotasun handia da gure herrian halako tradizio bat mantendu ahal izatea”, azaldu du Ander Esainek. Ziripoten paperean aritu zen igandean txikien egunean, eta txatxuz jantzi da gaur egun handian.

Eskoriatzan aratusterik ez, elurragatik

Eskoriatzan (Gipuzkoa) ere inauteri eguna zuten, aratuste eguna, baina gaurko antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki du udalak, azkenean. Elurra izan da arrazoia. Goizean Udal pilotalekuan antolatutako ikastetxeen jaialdirik ez dute egin, eta arratsaldeko Kukumarruak ere ez dira izango eta ezta DJak eta torrada lehiaketa ere.

Altsasun, Unanun, Arizkunen, Goizuetan, Uztaritzen eta beste hainbat herritan ere inauterietako egun handia dute gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.