Aralarren Gipuzkoako legebiltzarkide eta hautagai Aintzane Ezenarrok gaur proposamena egin du parekotasunaren inguruan. Euskal alderdi politikoei eskatu die beren zuzendaritzetako %40 gutxienez emakumezkoek osatzea berma dezatela, "berdintasuna lortzeko ezinbestekoa baita erabaki guneetan parekotasuna lorttzea".
Bere alderdiko kide Ainhoa Beola, Maribel Castello eta Rebeka Uberarekin batera agertu da Ezenarro, Donostian, parekidetasun arloko proposamenak egiten. Ezenarroren iritziz, ez da aski legebiltzarkideen erdiak emakumeak izatearekin, "egitate hori irudikeria huts bihur baitaiteke erabaki guneetan emakumeek ordezkaritza ez badute".
Ildo horretan, Castellok azaldu du Emakumearen Defentsa bulegoa eratzeko dekretua aldatu nahi duela Aralarrek, Eusko Jaurlaritzaren kontrolpeko erakundea izan beharrean (hala dago aurreikusia) Eusko Legebiltzarraren kontrolpean egon dadin, Arartekoa bezala.
Castellori jarraiki, "indarkeria matxistaren kontrako borrokarik onena, parekotasunaren aldeko borroka" da. Zentzu horretan, irundarrak agintari batzuk kritikatu ditu, esanez "oso erraza" dela "emakume baten bortxazko heriotza salatzeko pankarta baten atzean jartzea, baina eskubide berdintasuna defendatzen ez den bitartean, soilik gizonezkoentzako elkarteetara joanez edota Irun eta Hondarribiko alarde [baztertzaileak] defendatuz".
Castello EAko zinegotzi izan zen Irunen, eta, besteak beste, alderdi hark (EAJ eta PSE-EEk bezala) alardeekiko zuen jarreragatik utzi zuen hura, eta Aralarren sartu zen, duela urte batzuk.
Gasteizen pintadak jasan dituztela salatu dute
Bestalde, Aralarrek salatu du Gasteizko bere egoitzan pintada iraingarriak egin dizkiotela, eta egileei (ezezagunak) "errespetua"exijitu die.
Egoitzaren aurrealdean zipayoak, salduak eta D3M aurrera pintadak agertu direla azaldu dio Aralarrek EFE berri agentziari.
Emakumezkoek alderdien zuzendaritzen %40 osatzea bermatzeko eskatu du Ezenarrok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu