Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan duenez, enpresa txiki eta ertainen finantzaziorako planaren lehen 300 milioi eurorekin 1.800 enpresak "behar duten oxigenoa" jasoko dute, eta horri esker, 19.000 enpleguri eutsi ahal izango da. 300 milioi horiek amaitutakoan, beste 300 milioi euro izango direla adierazi du, "beharrezkoa baldin bada".
Lehendakaritzan gaur goizean egindako agerraldi batean esan du Jaurlaritzaren jardunaren "giltza eta bihotza" enpresak direla, eta horiek une honetan "zailtasunak" dituztenez, gobernuak "ahalegin guztia" egingo du. Enplegua "lehentasuna" dela berretsi du Urkulluk.